Aurten ere, herriko gazteak arduratu dira Bidaniko festak antolatzeaz. Iker Larrarte eta Nagore Zinkunegi festa batzordeko kideak dira, eta «iaz egitarauan sartutako berrikuntzei jarraipena» emango dietela adierazi dute.
Nola antolatu dituzue festak?
Nagore Zinkunegi: Festa batzordeko gazteak urtarriletik gabiltza San Bartolome jaiak antolatzen. Lan asko dago honen atzean, baina ilusioz eta gogotsu gaude aurtengo jaiei ere aurre egiteko.
Iker Larrarte: Egitarau aldetik, pasa den urteko hitzorduak mantentzea erabaki dugu. Joan den urteko festa osteko bileran, balorazio ona izan zuten sartu genituen berritasun guztiek, eta aurten jarraipena eman nahi izan diegu.
Egun hauetan, indarkeriaren aurkako hitzaldiak jasotzen egon zarete festa batzordeko kideak.
Larrarte: Horrela da, bai. Saiaz Mankomunitatearen bitartez, Farapi kooperatibaren eskutik, jaso dugun formakuntza saioa izan da. Lagun artean, inoiz hitz egin gabeko gaia zen guretzat eta oso esperientzia aberasgarria izan da gai honen gainean hitz egitea eta hausnartzea.
Zein izan da formakuntza hau jasotzearen helburua?
Zinkunegi: Ikerrek esan duen bezala, gure artean inoiz hitz egin gabeko gaia izan da indarkeriarena. Formakuntza hau jasotzearen helburua, eraso matxista edo sexista baten aurrean nola erantzun jakiteaz gain, gure inguruan oharkabean gertatzen diren gauzez gogoeta sakon bat egitea izan da.
Zenbat hitzaldi izan dira guztira?
Larrarte: Aurten, lehen aldiz antolatu den formakuntza izan da. Guztira bi hitzaldi jaso ditugu; lehenak ordubete azpitik iraun zuen, eta besteak berriz bi ordutik gora. Bost pertsonako hiru taldetan banatu gintuzten, eta oso formakuntza interesgarria izan da.
Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Zinkunegi: Erantzuna ona izan da. Bidaniko eta Goiazko festa batzordeko kideak elkartu ginen bertan, eta guztira hamabost lagun inguruk jaso dugu formakuntza.
Indarkeriaren aurkako formakuntza gehiago jasotzeko asmorik baduzue etorkizunean?
Larrarte: Oraingoz ez dakigu datozen urteetan horrelako hitzaldirik jasotzeko moduan egongo garen. Egia esan, gustatuko litzaiguke horrelako formakuntza gehiago jasotzea etorkizun batean, eta beste herrietan ere garatu beharreko gaia dela iruditzen zait.
Gai honen gaineko parte hartzea bultzatu nahiko zenukete Bidanian?
Zinkunegi: Herri mailan, adin tarte ezberdineko jendearekin gai honen gaineko formakuntza jasotzea ondo egongo litzateke. Gehienbat, guk normaltzat jotzen ditugun egoeren gainean hausnartzen lagun dezakeelako, eta horrela ohartzen gara guk normaltzat jotzen ditugun gauza asko ez direla jokaera zuzenak.