ELKARRIZKETA

«Tartean, Mexikoko lona modalitatean aritu gara, teniseko pilotarekin»

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 18a, 07:59
Miren Larrarte, artxiboko irudi batean.

Miren Larrarte pilotari bidaniarra Mexikon izan da Euskal Selekzioarekin, topaketa batean; hamar egun egin dituzte denera eta modalitate ezberdinetan partidak jokatzeko aukera izan du.

Esku Pilotako Euskal Selekzioa Mexikon izan da lagunartekoak eta erakustaldiak eskaintzen. Sei pilotari joan dira denera, eta tartean izan da Miren Larrarte bidaniarra. Abuztuaren 4an joan ziren eta hamar eguneko egonaldia egin dute bertan. Munduko Pilota Batzarrak eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Mexikoko Lauburu Pilota Eskolarekin eta Mexikoko Euskal Pilotako federazioarekin elkarlanean antolatutako topaketa izan da.

Zer moduz ibili zara Mexiko aldean?

Hamar egun pasa ditugu geratu ere egin gabe, baina ederra izan da.

Nola jaso zenuen gonbidapena?

Zorte kontua izan zen. Euskal Liga jokatu genuen eta Itxaso Erasun nuen bikote. Finalera larri iritsi ginen eta galdu egin genuen. Txapeldunarentzat saria Mexikora joatea zen. Kontua da, Amaia Aldaik beste bidaia bat zuela federazioarekin eta Mexikora ez joatea erabaki zuen. Txapeldunorde aurrelaria neu nintzenez, gonbidapena egin zidaten. Sekulako zortea izan nuen.

Ez zenuen bi aldiz pentsatu?

Ikasketengatik Txilera joatekoa nintzen abuztu erdirako. Mexikoko egonaldia astelehen honetan amaitzen zen, eta egun horretan hasten nuen praktikaldia Txilen. Jai egunak tarteko, ordea, asteazkenean hasi nintzen praktiketan, beraz, ondo antolatuta geratu zait guztia.

Nolako egutegia izan duzue hamar egunetan?

Denok launa partida jokatu ditugu, frontoi ezberdinetan. Neskok, gainera, modalitate ezberdinak probatzeko aukera izan dugu. Esaterako, Mexikoko lona modalitatean aritu gara, teniseko pilotarekin. 

Eta zer moduz moldatu zara?

Oso ondo, asko gustatu zait. Teniseko pilotari eskua itxita jotzen zaio. Aurretik beste modalitate batzuetan jokatzetik ohituta nengoen teknika horretara eta gustura aritu naiz. Mexikarren aurka jokatu genuen partida hori eta irabaztea lortu genuen. Uste baino askoz hobeto moldatu gara, oso gustura.

Eta gainerako partidak?

Lau ziren denera. Lehena, Mexiko eta Euskadi nahastuta jokatu genuen, erakustaldi modura. Bigarrena, Enara Gaminderen aurka jokatu nuen, hau ere erakustaldi gisara. Hirugarrena lona modalitatean izan zen, eta laugarrena frontball modalitatean.

Eta zer moduz frontballean?

Txapelketa egin genuen, finalaurrekoa eta finala. Banakako partidak dira eta ez du ezker paretik. Nahiko pisutsua den esponjazko pilota batekin jokatzen da.

Partidez gain, bertako kultura ezagutzeko aukera ere izan duzue?

Bai. Partida baten aurretik, esaterako, mariatxiak eta bertako dantza tradizionalak ikusteko aukera izan genuen. Partida amaieran, dantzari bakoitzak pilotari bana hartu zuen eta dantza egiten irakatsi ziguten. Polita izan zen.

Aho zapore ona utzi dizu herrialdeak?

Bai. Jende ona topatu dugu. Partida amaitu eta gero, esaterako, hango pilotarien familiek gu haien etxeetara joatea nahi izaten zuten, bazkaltzera edo afaltzera. Hango familien etxeetan otordu asko egin ditugu, etxean bezala sentitu gara, oso ondo jan dugu.

Esperientzia bezala, beraz, errepikatzeko moduan?

Ederra izan da. Beste herrialde bat ezagutzeko aukera izan dugu. Gurearekin alderatuta oso-oso desberdina da. Joan aurretik imajina nezakeen zerbait, baina hara iristean ikusi dut benetan errealitatea nolakoa den. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!