Kirolak Goiazko jaien pizgarri

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 9a, 12:00

Abuztuaren 12tik 15era ospatuko dituzte festak Goiatz herrian. Aurten, pentlatloi txapelketa eta mendi bizikleta irteera izango dira berezitasun nagusiak.

Amabirjinak ospatzen dituzte Goiatzen eta aurten, eguna bera asteartean izango denez, abuztuaren 12tik, larunbatetik hasiko dituzte festak. Honela, lau egunez festan ibiltzeko moduan izango dira Goiatzen.

Aurten, hirugarren mendi bizikleta irteera antolatu dute. Joseba Senperena antolatzaileak azaldu duenez, «pasa den urtean egin zenaren antzeko ibilbidea egin beharko dute parte hartzen duten txirrindulariek». 32 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Goiazko plazatik abiatuta, eta 1.200 metroko malda positiboa izango du probak. Iazko moduan, 18 urtetik gorakoentzat izango da irteera, eta nahiz eta bidea markatuta egongo den, GPSa eramateko gomendioa egin du Senperenak.

Bestalde, estreinakoz pentlatoi txapelketa antolatu dute Goiazko jaietarako, eta jende asko erakarriko duen ekitaldia izatea espero dute antolatzaileek. Pentlatoi txapelketan egin beharreko probak: 70 kg inguruko harria jasotzea, 150 kg inguruko giza-proba, 35 kiloko txingak, eta eliza inguruan korrika ibiltzea izango dira. Pentlatoian parte hartuko duten herriak Berastegi, Asteasu, Errezil eta Bidania-Goiatz izango dira. Herri hauen arteko desafioan, mila euro egongo dira jokoan, eta herriko plaza probaleku bihurtuko da egun batez.

Kirol ekitaldi hauetaz gain, IV. Goiazko Trikitixa Txapelketa eta XIX. Mus Txapelketa ere egingo dira besteak beste. Lau egunetan zehar, musikarik ere ez da faltako gau partean. Bide-batez taldea, Muxutruk taldearen erromeria, DJ Naza, eta Erkizi eta Manex trikitilariak entzueko aukera ere izango dute herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!