ELKARRIZKETA

«Beti izan naiz herri txikietako tabernetako zein ostatuetako zalea»

Leyre Carrasco 2023ko uzt. 27a, 10:00

Hemendik aurrera Goiazko herritarrek zerbait hartu edo mokadutxo bat jateko aukera izango dute; izan ere, ostatuak berriro zabaldu ditu ateak, eta horretarako ardura hartu du Mikel Iraola altzotarrak.

Maiatzaren 13an zabaldu ziren, hain zuzen, Goiazko ostatuaren ateak. Herri txikiak bizirik mantentzeko asmoarekin hartu zuen horretarako ardura Mikel Iraolak (Altzo, 1963). Lanean pozik eta ilusioarekin dagoela esan du.

Zer dela eta animatu zinen Goiazko ostatua irekitzera?

Nere ama eta arreba hemen bizi dira. Beraz, ostatua ezagutzen nuen, eta beti ireki eta ixten ari zirela ikusten nuen. Ulertzekoa da herri txiki hauetan dauden taberna txiki hauetatik ezin dela bizimodua atera, baina oso tristea iruditzen zait herri txiki hauetako betiko tabernak itxita ikustea. Ni beti izan naiz herri txikietako tabernetako zein ostatuko zalea. Hemengo bizilagunek beti esaten zidaten inoiz ez zela irekiko, eta, azkenean, nik zabaltzeko erabakia hartu nuen.

Duela gutxi ireki duzu. Zer moduz ari zara moldatzen?

Oso pozik. Lau langile gaude lanean eta oso ondo moldatzen gara gure artean. Gainera, datorren hilabetean Goiazko festak datozkigu eta dena prestatzen hasia dugu jada.

Berrikuntzarik egin diozue?

Jantoki osoa margotu dugu, baita taberna ere. Gainera, tabernan zehar garai bateko herriko argazkiak zintzilikatu ditugu. Bizilagunak harrituta geratzen dira horiek ikustean, inoiz ikusi ez dituzten argazkiak direlako. Horietako bat garai batean elizan kanpandorrerik ez zegoenekoa da. Horrez gain, udalari karretera aldean ate bat jartzeko eskatu diogu, eta horren esperoan gaude. Orain, ostatua kanpotik ari gara margotzen, 35 urte hauetan ez baita inoiz margotu.

Tabernaz gain, jatetxe zerbitzua ere eskaini duzue?

Bai, bertan etxean egindako platerak eskaintzen ditugu. Horrez gain, errazioak, bokatak, pizzak edota hanburgesak ere daude aukeran. Orain buruari bueltak ematen ari naiz, beran txoko oso polita eta zabala baitugu. Bizitasuna eman nahiko genioke horri. Horregatik, bertan zerbait egiteko asmoa dut; bertako produktuen denda txiki bat jarriko dut, agian.

Astelehenean herritarrentzako bazkaria antolatu zenuten. Hemendik aurrera horrelako ekintza txiki gehiago egiteko asmoa duzue?

Bai, horren adibide, igande batean garai bateko kotxeen erakusketa egiteko asmoa dugu, herritarrek horiek ikusi eta ezagutu ditzaten; beste egun batean moto zaharrena ere egingo dugu. Herri txiki hauetan horrelako ekintzak bultzatu behar direla uste dut, bizilagunak eta ingurukoak animatu eta gerturatu daitezen. Garai batean, gainera, kanpoko jende asko etortzen zen Goiatzera, bai bazkaltzera baita afaltzera ere. Azken urteetan, ordea, ohitura hori galdu egin da.

Plazaz gain, pilotalekua izateak ere horretarako aukera eskaintzen dizue.

Bai leku asko dugu horrelako ekintzak egiteko. Buruan dudan beste ideia bat haurrentzako puzgarriak edo quad elektrikoak eta horietan ibiltzeko pista moduko bat jartzea da.

Zein ordutegi duzue?

Astean zehar, astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 22:00ak arte izaten dugu ostatua zabalik, eta asteburuetan, berriz, ordutegia luzatzen dugu.

Herritarrek nola hartu dute ostatuaren irekiera?

Oso gustura. Azkenean, hau da herritarrek nahi zutena, herrian kafe bat hartzeko aukera izatea edo etxetik kanpo afaltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!