Bost bidaniar-goiaztar lehen postuetan

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 21a, 19:59
Ugaitz Azkarai, Jon Aldalur, Mikel Lasa, Andoni Egiguren, Iban Orbegozo (Azpeitiko lagun bat) eta Asier Iraola, Treparriscos proban.

Treparriscos txirrindularitza proban parte hartu zuten larunbatean. Andoni Egigurenek hirugarren postua lortu zuen.

Maila handiko zikloturistak daude Bidania-Goiatzen, eta larunbatean Aragoin (Espainia) jokatu zen Treparriscos proba da horren lekuko. Quebrantahuesos probaren bigarrena da Treparriscos, eta aurtengoan 2.500 txirrindularik parte hartu zuten. Bost herritar lehen hamazazpi sailkatuen artean sartzea lortu zuten. Lasterketaren 85 kilometroak egiten Andoni Egiguren izan zen herritarren artean azkarrena (2.28.29), hirugarren postuarekin podiumera igoz. Mikel Lasa (2.29.54) bosgarrena izan zen, Jon Aldalur bederatzigarrena (2.36.18), Ugaitz Azkarai (2.40.25) hamaseigarrena eta Asier Iraola (2.40.26) hamazazpigarrena.

Proba bizia izan zen, hasieratik oso borrokatua. Lasterketaren hasieran igoeratxo bat zegoen, eta parte hartzaile batek erasoa jo zuen, eta zazpiko taldetxo batek aurrera egin zuen, lehen mendatera arte. Hor zeuden Egiguren eta Lasa. Azken hiru kilometroren faltan, zatirik gogorrenean, beste eraso bat izan zen eta hor boskote bat geratu zen aurrean, tartean Egiguren bera. Azken mendatera iritsi baino lehen, berriro ere aurreko taldetxoan sartu ziren Lasa eta beste txirrindularia.

Azken mendatean hautsi zen lasterketa. Beste eraso baten ostean, gerora lehen bi postuetan bukatuko zuten Julen Urangak eta Daniel Lopezek alde egin zuten, baina azkenean banaka helmugaratu ziren lehen postuetan. Egigurenek azaldu duenez, «azken mendate horretan ez nuen erritmo aldaketarik egin. Bikiak ez nituen ondo, eta sufritzen ari nintzen. Nik erritmo bati eutsi nion, eta bera geratu zen atzean». Laugarren postuan zegoena zaintzen egon zen Egiguren, eta mendateko gailurrera iristerakoan dagoeneko ez zuen ikusten. Hala ere, uste du helmugara bidean tarteren bat jan ziola. Azkenean 36 segundoko aldea atera zion helmugan.

Hasieratik izan zen bikietako arazoekin Egiguren, eta jende ugari antzera egon zela gaineratu du. «Agian urduritasunagatik izan zen, tentsioarengatik, ez dakit», esan du zikloturistak. Bere asmoa aurreko postuetan egotea zen, horretarako prestatu egin baitzen. «Gero ez dakizu egunean bertan egongo diren txirrindulariak zein izango diren, baina nire asmoa aurreko taldetxoan joatea zen. Irabazi zuena azpeitiarra da, eta aurreko astean berarekin egin nuen bueltatxo bat eta ikusi nuen indartsu zegoela, eta ni baino gehiago zela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!