Garai Berriak taldeak udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du

Ataria 2023ko maiatzaren 23a

Miren Josune Landa izango da Garai Berriak plataformako zerrendaburua; ideologia «desberdineko» taldea osatu dute, «bizilagun guztien elkarbizitza sustatzeko».

Beste urte batez, Garai Berriak taldeak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako herritarrez osatutako taldea aurkeztu du. Honakoa da zerrenda:

  1. Miren Josune Landa Gurruchaga.
  2. Jose Maria Iraeta Semperena.
  3. Denis Lopez Gordo.
  4. Joseba Galarraga Aizarna.
  5. Aingeru Senperena Iraola.
  6. Iñaki Orbegozo Larrañaga.
  7. Francisco Javier Lugea Saralegui.

Ordezkoa

  1. Aitor Galarraga Leunda.

 

Garai Berriak taldeak toki erakundeekin taldean jardun eta parte hartze aktiboa izatea du helburu. «Zintzotasunez eta gardentasunez» egin nahi dute lan, «herritik herriarentzat».

Etxebizitzen arazoari begira jarri nahi dute, herriguneko salmenta libreko sustapen publikoa eginez, batez ere gazteentzat, prezio lehiakorrekin.

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntzak aprobetxatuz, erabilera edota jabetza publikoko bideak asfaltatu eta hormigoitu nahi dituzte. Baita bidegurutzeetan baserriak seinaleztatu ere.

Energia berriztagarrien aldeko apustua egingo dutela ere esan dute, bai eraikin publikoetan, baita lursail partikularretan ere. Era berean, kontsumo komunitateak sustatuko dituzte.

Horrez gain, Bidania-Goiazko bidegurutzeko biribilgunea egin nahi dutela zehaztu dute, Bide Azpiegituretako Sailarekin elkarlanean.

Kontzeju jatetxea eta Goiazko ostatua ere zaindu nahi dituzte, ostatuen hartzaileei lanpostuak mantendu ahal izateko erraztasunak eta pizgarriak emanez. «Ostatuak irekita mantentzeko ahalegin guztiak egingo ditugu, bereziki data garrantzitsuetan, hala nola jai eta ospakizunetan».

Azkenik, adin guztietarako kultura jarduerak sustatu nahi dituztela jaso dute herri programan. Baita jaietarako aurrekontua handitu eta historia, arte eta kultura ondarea kontserbatzea ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!