Domusa Teknik 40MLK lasterketa Bidania-Goiaztik pasako da bihar

Ataria 2023ko maiatzaren 5a

Herritar ugari izango dira boluntario bezala laguntzen proban.

Aurten, iaz bezala, kirol proba Azpeitiko plazan hasiko da 08:00etan, eta leku berean amaituko da. Guztira, 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela izango ditu Euskal Herriko Ultra Kopako lasterketak. Iazko herri eta mendi berak igaroko dituzte proban parte hartzen duten korrikalariek: Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendiak, aldiz, honako hauek izango dira: Arroita edo Arauntza (612m), Sañoa (616m), Gazume (1.002m), Hernio (1078m), Murumendi (868m), Izaspi (973m), Hiruarrieta edo Samiño (933m) eta Xoxote (912m). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz egindako balorazio galdetegian jasotako erantzunak ikusita, ibilbidearen zati batzuk moldatzea erabaki dute aurten, distantziak eta desnibela mantenduta. "Trintxeratik Murumendira asfalto asko zegoela zioten galdetegietan jasotako askok, eta guk ere begiz jota genuen hori. Beraz, hainbat kontsulta eginda, lortu dugu hiru kilometro asfalto kentzea. Espero dugu korrikalariei inguru berriak gustatzea eta horiez gozatzea", esan dute antolakuntzatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!