Gazte sentitzen direnak izango dira festako protagonistak

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 27a, 07:59

Gazte izan edo ez, herritar guztientzako festa antolatu du Bidaniko jai batzordeak larunbat honetarako; egun osoko egitaraua prestatu dute, adin guztietakoentzat.

Gazte sentitzen direnen eguna ospatuko dute larunbat honetan, Bidanian. Egun osoko festa izango dute, jolasak, bazkaria edota elektrotxarangarekin. Bidaniko Gazteak jai batzordeak antolatu du eguna, herriko festez gain, urtean zehar beste festa egun bat jartzeko ideiarekin.  

Eguna 10:30ean hasiko dute, txupinazoa lehertzearekin batera. Horren ondoren, ginkana egingo dute; lehenik, haurrentzat, eta, gero, haurrak ez direnentzat. Zer proba egin beharko diren erabakita daukate, baina eguna iritsi arte ez dute horren aurrerapenik egingo. Jai batzordeko kidea den Maite Larrartek esan duenez, «esatea daukagun bakarra da guztiek egiteko moduko probak direla, izan ere, pike handia sortu da taldeen artean». Taldeka hartuko dute parte, eta dagoeneko zortzi kuadrillek eman dute izena; sei lagun ingurukoak dira taldeak. 

Txikiteoa egingo dute ondoren, trikitilarien laguntzaz, eta bazkaria izango dute gero. Herritar ugari bilduko da pilotalekuan, «150 lagunetik gora» izango dira. «Arrakasta izan du, eta gustura gaude». Bazkalostean, bingoa egingo dute eta sari «potoloa» izango du: bi lagunentzako otordua Bailara jatetxean.

Arratsaldean, atrakzioak izango dituzte. Zezen mekanikoa eta saltoka ibiltzeko beste atrakzio bat jarriko dute. «Hor ere sariak izango dira, esaterako, zezenaren gainean gehien irauten duenarentzat».  

Horren ostean, Skapaie elektrotxarangak alaituko ditu bazterrak, eta, gauean, DJ Oier Mendizabal izango dute Kontzejuan. «Kontzejuko arduradunarekin jarri ginen harremanetan asmoen berri emateko eta segituan laguntzeko prest agertu ziren, eta bertan amaituko dugu festa».

Gazteek antolatuta

Jai batzordeko kideek antolatu dute eguna. Momentu honetan, 25 gaztek osatzen dute taldea, eta 18 urtetik 26ra bitartekoak dira guztiak. Lehen aldiz ospatuko dute horrelako egun bat Bidanian, eta ez dute baztertzen datorren urtean ere jarraipena izatea: «Eguna pasatzen denean balorazioa egingo dugu, eta orduan ikusiko dugu ea jarraipenik izango duen».

Herritar guztiei begirako jaia izatea nahi dute, eta horregatik jarri diote izen hori festari: «Gazte eguna jarrita, gazteentzat soilik bideratutako festa izan zitekeela iruditzen zitzaigun, eta gure asmoa herritar guztientzako izatea da».

Egitaraua

  • 10:30. Txupinazoa.
  • 11:00. Haurren ginkana.
  • 12:00. Ginkana. 
  • Ondoren. Txikiteoa, herriko trikitilariek alaiturik. 
  • 14:00. Bazkaria frontoian. 
  • 17:30. Atrakzioak. 
  • 19:00. Skapaie elektrotxaranga. 
  • 23:30. DJ Oier Mendizabal, Kontzejuan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!