Jose Ignacio Asensiok Reviglass bisitatu du

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 22a, 11:08

Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiorde eta Ingurumen Saileko diputatuak Bidania-Goiazko Reviglass enpresaren instalazioak bisitatu zituen atzo. 38 urteko esperientzia du Reviglassek beirazko mosaikoak fabrikatzen.

Bisitan, Asensiorekin batera izan zen Monica Pedreira Ingurumen Saileko zuzendaria, eta Gorka Otamendi Reviglasseko zuzendariak eta Juan Manuel Doroudier eta Alejandro Otamendi enpresaren bazkide fundatzaileek egin zioten harrera. Fabrikazio prozesu osoa erakutsi zieten enpresaren instalazioetan, eta agerian utzi zioten ingurumena babestearen alorrean duten konpromiso argia.

Birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren sektoreko enpresekin izan ohi dituen harremanen baitan egin zuen bisita Asensiok. «Enpresa horiek dira, ekonomia berde berriaren oinarria, eta bide horretan egin behar du aurrera Gipuzkoak, proiektuak Europan posizionatzeko, suspertzea bultzatuko duten funtsez baliatzeko eta, horren guztiaren emaitza gisa, enplegu berriak sortzeko», adierazi zuen.

Asensiok gogorarazi zuenez, «horrelako birziklatze enpresek, material horiek zabortegietan ez uzteaz aparte, baliabide natural asko aurrezten dituzte, halakoak kontsumitu ordez hondakin elektrikoetatik lortutako bigarren mailako lehengaiak erabiltzen baitituzte». Foru diputatuak gaineratu zuen «eredu» direla Gipuzkoan ekonomia berdea indartzeko, eta baliabideen eta energiaren aurrezpena ekonomia zirkularraren «funtsezko alderdia» dela, emisioak murrizten eta aldaketa klimatikoari aurre egiten laguntzeko.

Halaber, azpimarratu zuen birziklapenaren eta ekonomia berdearen sektorea indartzea «funtsezkoa» dela Gipuzkoan enplegu berriak sortzeko, eta, ildo horretan, gaineratu du berak zuzenduriko departamentuak sektorearen tamaina bikoiztu eta 10.000 lanpostura iritsi nahi duela 2030. urtean.

Asensioren hitzetan, 1985az geroztik, Reviglassek eginiko produktuen nortasunaren parte izan dira ekologia, berrikuntza eta bikaintasuna. «Horregatik, Reviglassek, 40 langilerekin, sendotu egin du bere tokia nazioarteko merkatuan, eta kalitate handiagoko eta akabera profesionaleko beirazko mosaiko %100 birziklatua eskaintzen du, ahal den neurrian planetako ingurumen aztarna murriztuz».

Era berean, nabarmendu du ekologiaren aldeko apustua dela haren oinarrietako bat. «1.200 plaka fotovoltaiko baino gehiago ipini ditu enpresaren instalazioetan, eguzki energia aprobetxatzeko. Ondorioz, iturri konbentzionaletatik eratorritako elektrizitate kontsumoa murriztea lortzen dute, baita autonomia energetikoa irabazi ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!