Kalegoenako etxebizitzen proiekturako izena ematea zabalik da

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 25a, 19:59

Bidania-Goiatzen etorkizuna eraiki nahi dutenek orain izango dute horretarako aukera; interesa dutenek otsailaren 12a arte bete ahalko dute webguneko galdetegia.

Bidania-Goiatzen azken etxebizitzak eraiki zirenetik urte mordoxka igaro dira. Azken boladan, herriko gazte askok beste herrietara bizitzera joateko hautua egin behar izan dute, etxebizitza eskaintza eskasia dela eta. Horregatik, herrian eskaria zegoela ikusita, azken urteetan etxebizitzen gaia gogotsu lantzen aritu da udala, eta halaxe ekin zioten Kalegoenako etxebizitzen proiektuari.

Herriaren erdigunean dago Kalegoena, eta egoera «nahiko kaxkarrean» zegoela aitortu du Agurtzane Zelaia alkateak: «Honen arazo bakarra jabetza asko zeuzkala zen, eta, azkenean, horren aldeko apustua egitea erabaki genuen». Prozesua «luzea» izan bazen ere, Kalegoenako jabetza guztiekin adostasunera iristea lortu zuen udalak, eta, geroztik, eremu osoa bere eskuetan dago. Eremuari dagokionean udalak inbertsioa egin zuen. Zehazki 306.500 euro jarri zituen; 131.500 euro lurrak erosten eta 175.000 euro eremuan eraikiko diren etorkizuneko lokalen truke.

Aurreproiektua martxan
Aurreproiektua martxan dute dagoeneko, eta interesa duten Tolosaldeko herritarrek Bidania-goiatz.eus udalako webgunean aurkituko dute horren inguruko informazio guztia.

15 etxebizitza izango dira guztira; hortik bost babes ofizialekoak izango dira, eta gainontzeko guztiak libreak. Hainbat aparkaleku ere egongo dira, gainera; hamar aparkaleku lehenengo sotoan, eta beste hamaika egingo dituzte bigarrengoan. «Zaila da kopuru horrekin norbait lanean hastea. Hala ere, aurten proiektuarekin hasi eta hori gehiago aurreratzea da gure asmoa», esan du Zelaiak.

Horretarako, aurrera begirako pausuak bi helburutan banatu ditu udalak. Alde batetik, etxebizitza eraikitzaile ezberdinei aurkeztuko diete proiektua, haren exekuzioa aurrera eramatera gonbidatuz. Eta, bestetik, herrian bizitzeko interesa dutenen zerrenda osatu nahi dute.

Dagoeneko bederatzi interesdun posible daudela kontatu du alkateak, baina gehiago izango direlakoan udaleko webgunean dagoen galdetegia betetzeko deia egin du, beste behin. Galdetegia laburra da, eta interesdun bakoitzaren beharrak zeintzuk diren jakitea izango du helburu. Galdetegia otsailaren 12a arte egongo da zabalik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!