Loreto Fernandez Imaz (Donostia, 1956) organo eta klabezin jotzailea da. Bizitza osoa eman dio musikari eta horretan jarraitzen du. Sari ugari jasoa da, eta urte luzez irakasle lanak egin dituena. Gipuzkoan «oso aberatsak gara» dio organoez hizketan, eta «oso instrumentu ederrak ditugu», azpimarratu du.
Nor dela esango zenuke Loreto Fernandez Imaz?
Musikaria bai, hori bai. Lan handia egin duena bere bizitza osoan, eta oraindik ere hor jarraitzen duena. Lan asko egin dut irakaskuntzan. Mundu zabalean ditut nire ikasle izan diren asko eta asko, eta oso gustura egindako lana izan da. Niri lanarekin loteria tokatu zaidala esaten dut. Oso ikasle interesgarriak izan ditut, gaur egun profesional handiak direnak, eta horrek asko betetzen nau.
Ez zara edozein.
Eguneroko lana egin dut, eta borroka ere asko egin behar izan dut. Musika oso zaila da bizitzeko eta gogorra da, baina, aldi berean, hain da handia jasotzen duzuna eta pozgarria, merezi duela.
Nolatan hasi zinen umetan musika ikasten?
Donostiarra naiz, eta zentroan bizi nintzen. Lehen ikastola esperimentaletara joan nintzen; andereño Karmele Esnalekin ibili nintzen Artzain Onaren Katedralean. Gurasoek ez zekiten euskaraz, baina guk euskaraz hitz egitea nahi zuten, eta Artzain Onatik gertu zegoen kontserbatorioa. Garai hartan kontserbatorioa oso merkea zen, eta denbora gehiago lanean pasatzeko kontserbatoriora apuntatu ninduten.
Zenbat urte zenituen?
Zazpi. Oso erraza egin zitzaidan eta polita. Ikastolan ere asko abesten genuen, eta kontserbatorioan ere solfeoan abestu eta abestu aritzen ginen. Pentsatu gabe jarraitu nuen. Zortzirekin jada pianoa ikasten hasi nintzen, baina gero egia da etxean ez nuela eduki piano bat laugarren ikasturtera arte. Nire maisua zenak erosi zuen piano bat, eta alokairuan utzi zigun. Familian dirurik ez zegoen, eta orduan berak erosi zuen pianoa.
Jada zerbait ikusiko zizun.
Bada ikusiko zuen. Erraztasun pixka bat neukala edo. Ni oso gustura aritzen nintzen, eta horrela jarraitu nuen karrera osoan. Batzuetan aitak eramaten ninduen ikastolatik korrika kontserbatoriora, eta tarteka esaten zidan konturatu gabe ari nintzela karrera egiten. Eta horrek bai ematen zidan amorrua. Nola konturatu gabe? Baina gaur egun ikusita, egia da, arrazoia zeukan. Kasik urte haietan konturatu gabe egin nuen.
«Musika oso zaila da bizitzeko eta gogorra da, baina, aldi berean, hain da handia jasotzen duzuna eta pozgarria; merezi du»
Garbi izan zenuen pianoa ikasi nahi zenuela edo hori tokatu zen?
Ni tematu nintzen pianoa nahi nuela, eta hori bukatu nuen lehendabiziko karrera bezala. Nahiko gaztea nintzen, eta gero kanpora atera nintzen: Bartzelona, Bordele... Hor konturatu nintzen pianistaizatea ez zela nire asmoa. Sari guztiak jaso nituen, baina...
Ez zintuen betetzen behar beste?
Ikusten nuen banituela zulo batzuk, eta Donostian bai, lehendabizikoa, baina mundura ateratzen zara, eta hori beste film bat da. Orduan pianoa uztea erabaki nuen.
Zenbat urterekin?
20 urterekin. Oso konplikatua da, baina bide hori ez nuela jarraitu behar erabaki nuen.
Eta organorako jauzia egin zenuen?
Hutsune bat utzi nuen nire barruan. Aitak ingelesa edo ikasteko eskatu zidan behintzat. Bat-batean ezer gabe geratu nintzen. Baina jarraian hasi nintzen organoarekin Baionan, eta hala, beste zortzi urte. Pianoko karrera hamar urtekoa bada, gero beste zortzi urte organoarekin. Aldi berean, oso kuxkuxeroa eta saltsera izan naiz, edo bihurria.
Ez zara geldirik egotekoa.
Hori da. Klabezina. Eta hori zer da? Garai hartan hasi zen pixka bat errekuperatzen musika barrokoa. Hemen Donostian edo Euskal Herrian ez zegoen klabezinik, baina ikastaroak egiten hasi nintzen; bai Europa aldera edota baita Espainia aldera ere. Udako ikastaroak-eta izaten ziren. Organoarekin jarraitzen nuen, eta pixkanaka kontserbatorioan sartu nintzen irakasle moduan solfeoa irakasteko. Aldez aurretik, lau urtez Alegian ere aritu nintzen solfeoa irakasten.
Nolatan jaso zenuen Alegian irakasle izateko eskaintza?
Nire ama lana egiteaz aparte beti zegoen elizan sartuta, eta bere apaizaren lagunen baten galdera izango zen. Ea prest egongo ote nintzen irakasle moduan lanera joateko. Etxean ematen nituen pianoko banakako klaseak, baina halako talde bat ez. 35 bat gazte ziren Alegian nirekin ikasten aritu zirenak, eta oso jatorrak guztiak. Kontserbatorioan libre bezala aurkezten ziren azterketetara, eta denek oso ondo gainditu zuten.
Nolako esperientzia izan zen lau urtez Alegian lanean aritzearena?
Primerakoa. Uste dut astean hiru aldiz etortzen nintzela Donostiatik nire Seiscientos zaharrarekin. Oso pozik. 20-21 urte izango nituen orduan. Gero jada oposizioak atera ziren Donostiako kontserbatorioan solfeoko lanpostu baterako, eta aurkeztu egin nintzen. Postua lortu nuen, eta Alegiako lana utzi egin nuen. Egunero egin behar nuen lana, eta lan gogorra zen gainera.
Esan behar da zu organo eta klabezin jotzailea zarela. Baionan hasi zenituen ikasketak eta asko mugitu zinen.
Astero joaten nintzen Baionara, nahiz eta Donostian lan egin. Behin Baionako ikasketak gainditu nituenean, ez dakit nola esan, baina urrezko domina edo lortu nuen, eta baita Baionako hiribilduko hobekuntza ikasketetako saria, eta handik Tolosara —Frantzia— pasa nintzen, Lyonen zegoen berez goi mailako kontserbatorioa, baina organoaren departamentua Tolosan zegoen kokatuta. Tolosa organoen aldetik zoragarria da. Organo pila bat ditu: ederrak, estilo guztietakoak,... momentu hartan organoaren tokirik garrantzitsuena zen. Bertan oso maisu garrantzitsuekin egin nuen lana. Zortea izan dut alde horretatik, eta beti izan ditut oso maisu onak. Hor jarraitu nuen, eta behin Baionako ikasketak amaituta, epaimahaian zegoen batek esan zidan, han zortzi urte emanda, ea zenbat partitura egin nituen espainiar musikarenak; zer erantzun ez nekiela geratu nintzen. Ez neukan ezta bat bera ere eginda. Gustatu edo ez, beti beste aldeko organo jotzailea izango nintzela esan zidan, eta ahaleginak egin beharko nituela. Montserrat Torrent famatuaren berri izan nuen, eta gaur egun oraindik ere jotzen du, bere 96 urterekin, bada korrika berarengana joan nintzen. Orduan hamabostean behin Tolosara eta beste hamabostean behin Bartzelonara joaten nintzen.
Gero ezagutu nuen nire bizitzan oso garrantzi handia izan duen maisu handi bat: Michael Radulescu. Donostian ezagutu nuen. Udako Hamabostaldiaren barruan organo erromantikoaren inguruan ikastaroan. Handik urteak eta urteak jarraitu nion. Ez naiz inoiz gelditu, beti hemendik hara, eta beti ikasten. Oso polita da mundu hau, oso aberatsa eta ez da inoiz bukatzen.
«Mundu zabalean ditut nire ikasle izan diren asko; oso gustura egindako lana izan da»
Oraindik ikasten ari zara?
Noski. Gelditu gabe eta bukatu gabe.
Zure beste espezialitatea klabezina da.
Kontserbatorioan solfeoan hasi nintzenean, lana izugarria zen, eta era berean Donostiako Barroko Taldea zuzentzen nuen, Bartzelonarako eta Tolosarako bidaiak, ikasi,... Bizitza oso gogorra zen. Pare bat urtez eszedentzia hartzea erabaki nuen, klabezinaren plaza aterako zela jakin nuenean. Ikastaroetan-eta nenbilen, eta solfeoko irakaskuntza gelditu nuen titulua Zaragozan ateratzeko. Postu horretara aurkeztu nintzen, eta hori jada katedra zen. Solfeokoa katedradunaren laguntzaile postua zen.
Katedraduna zara.
Katedraduna izan naiz; orain, katedratiko emeritua esaten dena naiz. Klabikorda, klabezina eta baxu jarraituaren katedraduna naiz.
Eta zein berezitasun dute instrumentu horiek?
Musika barrokoa egiteko ezinbestekoak dira. Pianoa ez zen existitzen. Ez XVII. mendean ezta XVIII. mendean ere. Esaterako, orkestra batean sartuta, teklazko instrumentua edo klabezina edo organo positibo txiki bat beti erabili da laguntzeko; ahotsekin edo sokarekin. Hor mugitu naiz. Eta Musikenen sartu nintzenean organoarekin egin nuen lana, baina baxu jarraituaren irakasgaian. Laguntzeko baxu bat da zifra batekin, eta zuk armonia errealizatu egiten duzu teklatan. Beste mundu polit-polita da. Klabezina piano txiki baten modukoa da, hori bai, isatsa du. Baina berez piano batekin ez du zerikusirik, bakarrik teklak dituela. Bost zortzidun bakarrik ditu, eta pianoan baditugu zazpi-zortzi zortzidun. Eta barruko mekanismoan, berriz, gitarra batekin edo harpa batekin izan dezake zerikusia.
Antzinako musikaren zalea zara.
Noski. Lan pila bat egin dut XVI. mendetik gaur eguneraino. Hemen ditugun organoak erromantikoak dira gehienak, baina Gaztela aldean adibidez ez daukate horrelako organorik. Horiek, XVII. eta XVIII. mendekoak dira. Eta klabezinaren ganbara musikaren munduan asko-asko mugitu naiz.
Eta nondik datorkizu zaletasun hau?
Familian ez zegoen musikaririk. Hori bai, ez zidaten oztoporik jarri.
Babestua sentitu zinen?
Bai, eta badakit arrazoia. Aita behartua sentitu zen ikasketak egiterako garaian, eta orduan, bere seme-alabekin ez zuen nahi hori gertatzerik. Askatasuna izan nuen. Batxilergoa bukatuta unibertsitatean ez nuela jarraituko ikusi zuenean, orduan erosi zidan piano bat. Baina jada pianoko karrera bukatuta neukan.
Irakasle lanak egin dituzu urte askoan. Gustuko lana zenuen?
Oso gustuko lana nuen. Pila bat gustatu zait irakastea. Ikasle zoragarriak izan ditut, hau da, irakasle batek nahiko lituzkeenak. Interesarekin eta lana egiten zutenak. Ez behartuta, eta denak gustura. Batzuk gaitasun gehiago, beste batzuk gutxiago... baina bakoitzari bere neurrian, ahal izan dudan guztia ateratzen saiatzen nintzen eta ahal nuen guztian laguntzen. Hori oso polita da. Niri egokitu zitzaizkidan irakasleak oso eskuzabalak izan ziren nirekin eta hori ere transmititu zidaten, eta ni ere ahalegindu naiz ikasleekin eskuzabala izaten.
Eskertu dizute?
Oraindik ere harreman pila bat mantentzen ditut ikasle pila batekin. Agian nire klasetik orain dela hogei urte pasa ziren ikasleekin. Oso bizitza polita izan da alde horretatik. Eta nire ikasleak hortik ikustean asko betetzen nau. Askotan esan dut nire lanarekin loteria egokitu zaidala; eduki dudan lanarekin eta jendearekin.
Erakunde edo talde askorekin ere egin duzu lana. Tartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin.
Hortik lan pila bat egin dut. 1982an kontserbatorioan sartu nintzenean lanean, urte hartan eratu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, beraz, batera hasi ginen; orain klabezinarekin, orain organo txiki batekin edo organo handiarekin... Lan pila bat egin dut orkestrarekin, eta asko ikasten da. Zuzendariak beti aldatzen dira-eta, baina estutasunak ere pasatzen dira.
Nolako estutasunak?
Orkestra batean, instrumentu sinfonikoek ohitura dute beraien artean egoteko, eta gehitzea edo gehikuntzak iristen direnean, hau da, klabezin jotzaile bat edo organo jotzaile bat, gehitze horiek molestatu egiten dute. Orduan, zentzu horretan, pixka bat deserosoa da batzuetan. Ez da gainera zure eguneroko lana, orduan, estutasunak pasatzen dira, eta batzuetean gogorrak gainera. Noski, irakaskuntza eta beste lanaldia mantendu behar duzu; aldaketak egin, beti presaka, beti ikasten... Ofizio estu-estua da. Eta Orkestrarekin bakarrik ez, adibidez, lan pila bat egin dut Capilla Peñafloridarekin. Bertako talde bokalarekin egin nuen XVI. mendeko polifonia, hamalau urtez. Lan hori ere oso polita izan zen. Musika hori zoragarria da. Hurrengo urtean kasualitatez 500 urte betetzen dira Antxieta azpeitiarra jaio zela, eta Azpeitian zerbait egingo dutela espero dut.
«Oso polita da mundu hau, oso aberatsa eta ez da inoiz bukatzen»
Eta tartean egoteko prest egongo zara?
Noski. Nola ez!
Organo edota klabezina joz mundu mailako hainbat eta hainbat jaialditan ere parte duzu.
Oso aberatsa da. Hemen taldean bai, baina hortik zehar gehiago ibili naiz bakarrik. Zentzu horretan pixka bat tristea da. Ez zait asko gustatzen bidaiatzea; izan ere, lanera banoa ez dakit turismoarekin uztartzen. Lanera noa, eta bakardadea nahiko tristea egiten zait.
Toki asko bisitatu dituzu lanari esker?
Bai. Eta lanik gabe, garai hartan, asko gustatzen zitzaidan bidaiatzea, eta askoz ere erosoagoa zen. Ez zegoen turismoaren boom-ik. Asko mugitzen ginen, eta diruak ere beste era batera irauten zuen.
Kontzertu bila ibili behar izan duzu edo gonbidapenak jasotzen dituzu?
Ez dut inoiz neure burua eskaini. Beti deitu egiten ninduten. Baten batek esan duelako nire izena... Nire bizitzan nahikoa lan eduki dut, eta ez dut izan neure burua saltzeko beharrik. Nahikoa nuen neukanarekin.
Denbora asko pasa izan duzu etxetik kanpo?
Ez. Dena izan da joan eta etorri. Joan, prestatu, jo eta buelta.
Sari mordo bat ere jasoa zara zure ibilbidean. Zer esan nahi dute sariek zuretzat?
Bada ez asko. Zuk badakizu nor zaren. Bizitza horrela dago egina, eta zer egingo diogu, baina ez diot garrantzia handirik ematen.
Baina ez dituzu gustura jaso sari horiek?
Bai, nola ez. Ez zait neure buruari loreak botatzea gustatzen. Asko betetzen nau eguneroko lanak, eta lana prestutasunez eta zintzo egiten saiatzen naiz. Hori bai, orokortasuneko betetasun horrek arriskua du. Sabaian jotzea da hori. Sariarekin ez duzu zeure burua engainatu behar, eta lanean jarraitu behar da. Beti aurrera eta ikasten, eta beti hobetzen. Hori da polita.
Kultura munduko eragilea zara. Beste zenbait alorretan baino gutxiago baloratua edo goraipatua sentitzen zara?
Argi daukat, nire garaian, oztopoak izan nituela. Alde batetik, emakumea izateagatik. Organo mundua gizonezkoena da guztiz, eta gaur egun oraindik ere bai; agian pixka bat gutxiago. Adibidez, Lyonen, lehen goraipatu moduan sartu nintzen; goi mailako kontserbatorioa da Frantziakoa, eta inork ez zidan ezta beka bat ere eman. Babestua sentitu naiz? Ezta pentsatu ere. Aldundiko beka bat eskatu nuenean, esan zidaten, bertako epaimahaiko batek esan zuela «honek gauza asko egiten ditu eta...».
Gizonezkoa izan bazina emango zizutela uste duzu?
Agian bai. Eta Euskadiko Orkestra hasi zenean, lehenengo zuzendari titularra Enrique Jorda izan zen, eta jada heldua zen, eta gerra garaian nire osaba baten kide izan zen. Erbesteratuak izan ziren Eresoinka koruarekin, eta hor ibili ziren Paris aldean eta Belgikan... Orduan, nire osabari eskatu nion zita bat egiteko Jordarekin, orkestra zuzendari izateko ikasketak egin nahi nituelako. Hitzordua jarri genuen eta bi minututan bukatu zen.
«Gizonezkoak ziren denak, eta era berean apaizen mundua»
Zergatik?
Erantzuna izan zen: «Nahiko gogorra da gizonezko batentzat, bada pentsa emakumezko batentzat...». Eta hor bukatu zen dena. Eta beti gelditu naiz pena horrekin. Horrela ziren urte haiek eta boladak, eta horrela doa historia pixkanaka.
Zure adina kontuan izanda, nolakoa izan zen gizonen munduan sartzea?
Oso gogorra. Dena gizonen mundua zen, eta denak ni baino helduagoak. Garai hartako organo jotzailea Jose Manuel Azkue zen, esaterako. Gizonezkoak ziren denak, eta era berean apaizen mundua zen. Orduan, askotan entzun behar izan nuen nik jo behar nuena klabezina zela.
Onartzen zintuzten?
Ez zidaten uzten organoa jotzen. Ez zegoen ondo ikusia nik gizonezko bati itzala egitea. Argi eta garbi esanda. Badakit oso gogorra dela hau esatea, baina errealitatea da. Nire azalean bizitu dut dudarik gabe.
Baina burugogorra izan zu.
Bai. Aurrera egin dut, jo eta ke, eta jo eta ke. Eta agian, hemen askoz ere gutxiago jo dut organoa kanpoan baino. Inor ez da profeta bere herrian. eta gainera emakumea nintzen. Deitzen ninduten Bartzelonan, Andaluzian edo Gaztelan jotzeko, eta hemen ez didate utzi ere egin.
Urteekin aldatzen joan da egoera?
Orain emakume gehiago gara. Beste belaunaldi bat da. Pixka bat agian hobetu da, baina oraindik lan izugarria dago egiteko.
Gizonen mundua izaten jarraitzen du?
Bai, bai. Eta eliza dago hor.
Organoak elizetan daude.
Hori da. Eta hasi da zerbait aldatzen baina badago zer egina.
Eta ikasle berriek, gazteek, aukeratzen dute organoa?
Bai, dudarik gabe badago etorkizuna. Oso mundu erakargarria da. Ez da bukatzen, eta ez daude bi instrumentu berdinak. Beti da aberatsa. Eta edonor hurbiltzen dela harrapatu egiten du organoak.
Baina organo bat etxean izatea ia ezinezkoa da. Nola ikasten da organo bat jotzen?
Elizetan. Nire lehendabiziko urteetan, Frantzian ikusita, eliza batean ikasten nuen, eta ordaindu egiten nuen. Organo jotzailea bazegoenez, eta igandero mezatan egon nahi ez nuenez, ordaindu egiten nuen eta listo. Eliza hutsik egoteko 08:00etan joaten nintzen. Jesuitetan bai egon nintzen lanean, etxean gezurrezko organo bat eduki ahal izateko; tuturik gabea.
Baliagarria da ikasteko?
Baliagarria eta pixka bat penagarria ere bai. Musikariak aberatsak ez gara, eta tutudun organo batek diru asko balio du.
Esan ohi da ez dela erraza musikatik bizitzea. Zuk lortu duzu?
Bai, eta ondo bizi izan naiz. Hori bai, soldata finko bat eduki ahal izateko klaseak eman behar izan ditut. Oso gustura egin dut irakasle lan hori, eta gero gainerako kontzertuak estra bat izan dira instrumentuak erosteko; bai klabezina, bai laguntzeko organo txiki positiboa... enkarguzko instrumentuak dira, eta oso garestiak. Aberatsak ez gara izango inoiz, bakarrik espirituan.
Donostiarra zara, eta egun Bidania-Goiatzen bizi zara. Nolatan?
Erretiroa hartzeko aukera izan nuen, eta pentsatu nuen, jada, Donostian ez nuela tokirik. Nire Donostia, hau da, txikitatik ezagutu dudanak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik. Guztiz aldatu da. Lehen hiri normal bat zen, eta zure auzoan denetarik zegoen. Bat-batean, dena turismoari begirakoa da, eta bakarrik multinazionalak,... eta etxetik atera eta 50 japoniar, Alde Zaharra ere aldatu da, eta haizea hartzeko zer egin behar dut? Jada ez zen nire Donostia. Lana bukatu nuenez, eta ez nuenez egunero bertan egon behar, naturara isiltasunaren eta bakearen bila atera nintzen. Etxe bat bilatzen hasi nintzen eta isiltasuna nahi nuen, eta ez da erraza Gipuzkoan.
Eta Goiatzen aurkitu zenuen?
Bai. Aldaketa egin nuen, Donostiako etxea saldu eta hemengoa erosi.
Ondo bizitzen da?
Oso ondo. Kasualitatez hiru urte daramatzat eta pandemiarekin bi urte pixka bat arraroak izan dira, baina primeran bizi naiz. Oso pozik nago. Lasaitasuna, bakea, isiltasuna ematen dizkit; haize garbia. Hiru negu bakarrik pasa ditut, eta hiru neguak oso ezberdinak izan dira. Orain, udazkenean gaudela, egunero sumatzen duzu koloreen aldaketa, eta udaberrian alderantziz. Ez da hiri batean bezala.
Irakasle lanetik erretiroa hartu duzu. Musikari batek erretiroa hartzen du?
Hori nire bizitzarekin joango da. Oraindik irakaskuntzan banago. Udan astebeteko ikastaro bat egiten dut Burgos aldean, eta hori ere prestatu behar da. Urtero Burgosen nazio mailako lehiaketa bat egiten da, eta bertan epaimahaian nago. Organoak zaharberritzeko elizbarrutiko batzordean ere banago, eta bilerak direla, organoetara bisitak... Batean ez bada bestean nago. Musika ez da bukatzen, eta hor jarraituko dut. Ez dakit noiz arte.