Asteburu betea izan dute Bidania-Goiatzen

Ataria 2022ko ira. 26a, 12:00

XXXI. Kultur Asteko ekitaldirik nagusienak asteburuan izan dira.

Larunbatean, Asteasuko Mattin Gizarte Abentaturakoen eskutik, herriko haur eta nerabeek hainbat ekintza egin zituzten. Herrian zehar bi orduz gora eta behera ibili ziren, orientzazioa, abilezia eta adimena landuz, besteak beste. Amaierako jokua talde guztiek batera egin ondoren, txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten.

Igandeko goizean azoka berezia egin zen Goiazko plazan. Ohiturari jarraituz, produktu ezberdinez osatutako hainbat postu jarri zituzten. Horiekin batera, sardinak eta taloak jateko aukera ere egon zen, sagardo eta txakoliñarekin lagunduta. Eta arratsaldean, 'Dendaostekoak' bertso emanaldi berezia izan zen Goiazko frontoian. Literatura, bertsoa eta musika ardatz izan zituen emanaldia izan zen, Uxue Alberdik gidatuta, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita aritu ziren bertsotan, Aitor Novaren musikaz lagunduta.

Bidania-Goiazko Kultur Asteak aste honetan ere jarraipena izango du. Gaur esaterako, herriko irakurle taldera Amets Arzallus joango da eta berak idatzi zuen 'Miñan' liburua komentatuz hitzaldia emango du. Ostiralean, Lander Egiaren hitzaldia entzuteko aukera egongo da, 2014. urtean Tolosatik Tokiora egin zuen bidaiaren inguruko azalpenak emango ditu. Eta aurtengoa ondo amaitzeko, larunbatean Biolin eta Organo kontzertu berezia egongo da Bidaniako elizan, Iraia Bereziartua biolinistaren eta Itziar Urbieta organistaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!