Herriari onena eman nahian

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 15a, 19:59

Duela hamabost urte etorri zen Slavina Tomanova (Blagóevgrad, Bulgaria) Euskal Herrira. Errezilen bizi da familiarekin, eta hamalau urte daramatza ostalaritzan lanean. Orain, abuztu hasieratik Bidaniako Kontzeju taberna eta jatetxea du irekita. «Hilabete pasatxo daramagu eta poz-pozik gaude. Asteburuetan jende asko dabil», esan du bulgariarrak. 

Iaz lehiaketara atera zutenean hartu nahi izan zutela kontatu du, baina beste batzuei egokitu zitzaien. Aurrekoek utzi egin behar izan zuten, eta udaletik jarri ziren, berriz, berarekin harremanetan: «Hasieran ezezkoa eman nien, baina bigarren aldi batean pentsatu egingo nuela, eta egun batetik bestera senarrak eta biok irekitzea erabaki genuen. Abuztuan festak zituztela eta... Guztia aste batean izan zen, eta dena prestatu behar izan genuen». 

Uztaila amaieran erabaki, eta abuztuaren 5ean ireki zuten Bidaniako Kontzejua. Zailena hornitzaileak aurkitzea suertatu zitzaiela azaldu du: «Guztiek ez dute honaino etorri nahi». 

Berez ez da sukaldaria, baina ikasi egin behar izan duela aitortu du: «Nahi edo ez ikusi egiten duzu. Tolosako Izarra tabernan lau urtez aritu naiz, eta barruan edo kanpoan lagundu behar zen tokian aritzen nintzen, eta aurretik bederatzi urtez Urnietako Oianume jatetxean lan egin nuen». Gauza asko ikusi dituela dio: «Jendearekin hitz egiten dut zerbait gustatzen bazait, sukaldariei galdetu... eta arraina garbitzen aritu behar banuen ere arazorik ez». Kontzejuan ere ia sukaldetik atera gabe aritzen dela esan du. Denetik egitea tokatzen zaio.       

Errezilgo Domusa fabrikan ere lan egiten du, eta lana ez duela utziko esan du ondo funtzionatuko duen jakin gabe. Gustuko lana du ostalaritzakoa: «Asko gustatzen zait, eta betidanik nahi izan dut honelako jatetxe txiki bat niretzat lan egiteko». Baina, era berean, garbi du ostalaritza «oso gogorra» dela; «inork ez du lan egin nahi. Gaur egungo gazteek diru pixka bat irabazteko bada ere ez dute lan egin nahi, eta ez da erraza jendea aurkitzea». Zortea izan du, eta bi langile ditu astean zehar lan egiteko, eta asteburuetan berak eta bere bikotekideak egiten dute lan. 

Etxeko janaria
Astean zehar eguneko menua eskaintzen du, eta iluntzetan karta. Asteburuetan karta du, eta horrez gain, gehien eskatzen diren plater konbinatu eta ogitartekoen eskaintza ere badu. «Ez da gehien gustatzen zaidana, baina herri batean hori da gehien eskatzen dena».  Platerak gehiago lantzea gustatzen zaio. Euskal tradizioko platerak egiten ditu, eta etxean eginak: «Orain garaia dela onddoen nahaskia, bakailao tortillarik ez da falta, txuleta, era askotako arrainak, entsalada bereziak, postreak...». 

Parrilla erabiltzen dute asko, bai arrainak eta baita haragiak egiteko ere.  Eta egunerokoan, pintxoak, kroketak, salda, txorizoa,... «gehien eskatzen diren horiek prest ditugu», dio. Eta orain artean ez bezala gosariak ere ematen dituzte.

Ez dute atseden egunik jarri, eta astelehenetik igandera 09:00etatik aurrera ditu ateak zabalik Kontzejuak. Ixteko ordua bezeroen araberakoa izaten da.  Lekua erreserbatzea garrantzitsutzat jo du, «guztientzako da hobea». 

Ez senarrak eta ezta berak ere ez zuten espero herriak egin dien «harrera beroa». «Oso-oso gustura gaude, eta festetan, lan handia izan dugu, baina oso pozik geratu gara; herritarrekin eta batez ere gazteekin». Gazteak oso elkartuta daudela adierazi du, eta herri «zoragarria» dela. Terraza handia du jarrita, baina udan txiki geratu zaio. Aldiz, neguak beldur gehiago ematen dio, baina itxaropentsu da eta jendea Bidaniara gerturatzea espero du.

Herritar batzuk ezagutzen zituztela esan du, eta agian horrek ere lagundu diela. Zer lortu nahiko lukeen galdetuta, «herriko gazteak herrian geratzea, eta beti ez daitezela kanpora joan».

Hobetzeko gogoa eta ilusioa
«Herritarrek gustura daudela esaten digute, baina guk gauzak esatea nahi dugu», dio Errezilen bizi den bulgariarrak. «Denak ezin du ona egon, beraz, hori esatea nahi dut hobetu ahal izateko. Edo gomendioren bat, aldatzeko...».

Korrika eta presaka ireki behar izan dutela esan du eta gauzak behar bezala ezin izan dituela egin, eta alde horretatik ez dago hain gustura. «Oraindik ez dugu karta bat jarri, behin-behinekoa dugu». Ideiarik ez zaio falta, baina denbora da behar duena. Urrian garagardo azoka antolatu nahi du, terrazan haurrentzako parke txiki bat jarri, barru aldean ere eguneratu eta aldaketak egin nahi ditu... «Dantzariak asko gustatzen zaizkit, eta pasa den astean Tolosako lagun batzuk etorri zitzaizkidan eta horma bat margotu didate».  

«Jendeak etorri egin behar du, probatu, iritzia eman...», azpimarratu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!