Bidaniako jaiak 2022

Punteria landu dute, paellak egin aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abuztuaren 26a

Bidaniako San Bartolome jaietan, toka eta bola txapelketak jokatu dituzte goizean herritarrek; ondoren, festetan lehen aldiz, Paella Lehiaketa Herrikoia egin dute frontoian.

Bidaniako San Bartolome jaien hirugarren eguna da gaurkoa. Herritar askorentzat egun handia da, eta hala erakutsi dute goizean goizetik. Bidaniar ugari bildu dira eliza inguruan; izan ere, eliza atarian jokatu baita toka txapelketa. Elizaren beste aldean, berriz, bolatokian, bola txapelketa jokatu dute. Punteria doitzen aritu dira, ondoren zetorrenari aurre egiteko.

Behin txapelketak amaituta, 12:00ak aldera, frontoian bildu dira denak, ordu horretan eman baitiote hasiera I. Paella Lehiaketa Herrikoiari. Festen historian lehen aldiz egin dute lehiaketa, eta arrakasta handia izan du. 33 taldek eman dute izena, eta herritarrek, familian, kuadrillan edo ezagunekin batera hartu dute parte. Gainera, adin guztietako herritarrak aritu dira sukaldari lanetan.

Paella Lehiaketa amaitu ondoren, sariak banatu dituzte, eta ondorengo herritarrek eraman dituzte garaikurrak etxera:

  • Paella Lehiaketako txapeldunak: Igaratz Azkarai eta Ainhoa Aldalur.
  • Emakumezkoen Bola Txapelketako txapelduna: Eneritz Iraola.
  • Gizonezkoen Bola Txapelketako txapelduna: Ramon Labaka.
  • Emakumezkoen Toka Txapelketako txapelduna: Miren Larrarte.
  • Gizonezkoen Toka Txapelketako txapelduna: Ander Zinkunegi.
  • Haurren Toka Txapelketako txapelduna: Unax Aburuza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!