Goiazko jaiak 2022

Indarrak neurtu dituzte festen azken egunean

Leyre Carrasco 2022ko abuztuaren 15a

Goiaztarren eta azpeitiarren arteko desafioa jokatu dute Ama Birjin festen azken egunean, eta bertakoek irabazi dute; tartean, Joseba Otaegik eta Iñaki Errazkinek erakustaldia eskaini dute aizkoran eta harria jasotzen.

Festetako azken egunera arte indarrak gordeta izan dituzte Goiazen, kirolez betetako arratsaldea eskaini baitute. Lehenik, Joseba Otaegik eta Iñaki Errazkinek aizkoran erakustaldia eskaini dute, eta egiteko lana kolpe gutxian egur bana ebakitzea zuen bakoitzak. Otaegi izan da puntua eman duena 118 kolpe eman ostean, eta Errazkinek berriz, 146 kolpe eman dizkio.

Goiatz eta Azpeitiko gazteen arteko desafioarekin hasi dira ondoren. Bost ziren egin beharreko lanak: trontzan bi korte, txingurakin hogei kolpe, txingatan bi plaza, plazari korrika bi buelta eta azkena, hamabina lokotx jasotzea. Kirol bakoitza behin egin ondoren, bigarren buelta egin dute kirol berberekin, baina bi lan gehitu zaizkie kirolariei: Goiazko gazteekin Otaegi aritu da eta Azpeitiko sokamutilekin Errazkin. Hauek launa harri jaso behar izan dituzte, eta bukaeran berriz, taldekide guztiek plazari buelta bat eman behar izan diote. Lehia estua izan den arren, Goiazko gazteek lortu dute garaipena.

Arratsalde borobila izan dute, kirolez betea. Afalostean, Legazpiko Elustondo anai-arrebak izango dituzte trikiti doinuak jotzen, eta datorren urtera arte agurtu beharko dituzte festak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!