Abuztuaren 23tik 28ra ospatuko dituzte San Bartolome jaiak Bidanian; berrikuntzekin datoz, baina betiko hitzorduak ere mantendu dituzte.
Nolako festak antolatu dituzue?
Abuztuaren 23tik 28ra herriko haur, gazte eta helduentzat antolatu ditugu festak, kalera atera daitezela, jai giroaren parte izatera. Aurten gainera berrikuntza batzuk ere sartu ditugu egitarauan.
Zeintzuk dira berrikuntzak?
Ostiralean, paella lehiaketa eta elektrotxaranga izango ditugu estreinakoz. Paella lehiaketarako antolakuntzak beharrezko materiala jarriko du, suak adibidez, eta gainerakoa parte hartzaileek eraman beharko dute. Lehiaketa bazkal aurretik izango denez, paella izango dugu bazkaltzeko ere. Eta festan jarraitzeko, herriko kaleetan barrena kalejira egingo dugu Distopia elektrotxarangarekin.
Herri kirolek eta desafioak jende asko bildu izan dute beste urteetan.
Bai, ikusmina sortzen duen ekitaldia izaten da. Herri ezberdinen arteko desafioa egiten dugu, eta aurten, Oiartzun eta Berastegi gonbidatu ditugu. Ergometroan, korrika, bizikletan eta gurpil bati tiraka ibili behar izaten dute parte hartzaileek, lau denera. Frontoiaren bueltan egiten dugu desafioa, eta ondoren, herri kirolak izaten dira plazan. Horretarako, harri jasotzaile eta aizkolari profesionalak ekarriko ditugu eta herriko gazteok ere parte hartuko dugu. Albizturko Santa Marinako jaietan, hango gazteen aurka egin genuen lehia, eta Bidanikoetara albizturtarrak gonbidatu ditugu, errebantxa modura.
Herritarrak protagonista izango zarete jarduera askotan.
Bai, saiatzen gara alor ezberdinetan herritarrei plazan lekua egiten. Herriko pilotariak, herriko trikitilariak, herriko dantzariak, denek izango dute zereginen bat. Urte guztian egiten duten lanaren emaitza islatuko da herriko festetan. Horrez gain, udan zehar frontenis txapelketa bat egingo dute herriko gazteek, eta finalak festetan jokatuko dituzte.
Bada beste nobedaderik?
Sagardo dastaketa beharrean, sagardo afaria egingo dugu aurten. Janaria antolatzaileok prestatuko dugu, eta nahiko sagardo izango da laguntzeko. Denentzat izango da jatekoa zein edatekoa, frontoian.
Festak antolatzen nortzuk aritzen zarete?
Herriko gazteak. Jai batzorde bat daukagu sortuta, eta herriko gazte guztiei aukera ematen zaie parte hartzeko. Momentu honetan, taldeko gazteenak 18 urte ditu eta zaharrenak 26 urte. Adinean aurrera egin ahala zaharrenek utzi egiten dute eta gaztetxoak sartzen dira. Urtean zehar antolatzen ditugu festak, eta festetan bertan ere lanean aritzen gara, guztia antolatzen. Haur jolasak eta jubilatuen hamaiketakoa kenduta, gainerakoa gure esku izaten da. Apropos festetarako sortutako kamisetak janzten ditugu festetan zehar antolatzaileok, eta horrekin ibiltzen gara. Txosnak ere guk jartzen ditugu; aurten, gainera, txosna berria prestatzen ari gara. Aurretik bat genuen eta orain bigarrena izango dugu.