Goiazko jaiak 2022

Bueltan dira urteroko zitak

Irati Saizar Artola 2022ko abu. 10a, 19:00

Abuztuaren 12tik 15era murgilduko da festan Goiazko herria; aurten, bigarrenez antolatu dute mendi bizikleta irteera adinez nagusi direnentzat.

Amabirjinak ospatzen dituzte Goiatzen eta aurten, eguna bera astelehena izango denez, aurreko ostiraletik hasiko dituzte festak, eta lau egunez festan ibiltzeko moduan izango dira.

Aurten, mendi bizikleta irteera antolatu dute bigarren aldiz. Joseba Senperena antolatzaileak azaldu duenez, 32 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Goiazko plazatik abiatuta eta 1.200 metroko malda positiboa izango du. «Ibilbidean zehar denetarik izango dugu, igoerak, jaitsiera errazak, eta teknika pixka bat eskatzen dutenak ere bai». Markatu egingo dute ibilbidea, baina GPSa eramateko gomendioa egin du Senperenak. «Traka azken astean publikatuko dugu Goiazko festetako Facebook orrialdean eta Instagram kontuan». Izen-emateak egunean bertan egin ahalko dira, 08:00etatik 08:50era, 5 euroren truke. 18 urtetik gorakoentzat izango da irteera. Bidean, anoa postua prestatuko dute, eta ibilbide amaieran, hamaiketakoa egongo da parte hartzaileentzat. «Eguerdi alderako amaitzea gustatuko litzaiguke».

Eta egonkortzen ari den beste hitzordu bat ere izango dute festetan: III. Goiazko Trikitixa Txapelketa. Denera bost bikotek eman dute izena: Maitane Iturrioz eta Eider Amenabar, Irati Arcelus eta Mirari Plazaola, Ianire Segurola eta Elaia Diaz, Eider Garro eta Araitz Elizalde, eta Araitz Etxaniz eta Enaitz Alberdik.

Egun handian, Ama Birjin egunean, jende asko erakartzen duen ekitaldi bat izango dute, herri kirol desafioa, zehazki. Goiazko gazteek Azpeitiko soka mutilen aurka neurtuko dituzte indarrak eta Otaño eta Errazkin izango dituzte, aizkoran eta harri jasotzen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!