Bidaniako Kontxeju ustiatzeko aukera zabaldu dute

Ataria 2022ko ekainaren 2a

Bidaniako taberna-jatetxea ustiatu nahi dutenek ekainaren 10a baino lehen eman behar dute izena.

Bidania-Goiazko Udalak ostalaritza proiektu bat gauzatzeko aukera zabaldu du, eta Bidaniako Kontxeju taberna-jatetxea ustiatzeko deialdia ireki du. Ekainak 10 da izena emateko azken eguna, eta baldintza guztiak Bidania-Goiazko Udalaren webgunean daude ikusgai. Informazio gehiagorako udal bulegoetara jo daiteke; astelehenetan, asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan 09:30etik 15:00etara, eta asteazkenetan 16:00etatik 20:00etara.

Leku atseginean eta merke
Kontxeju taberna-jatetxea leku atseginean dagoela nabarmendu du udalak eta hilean 50 euro gehi BEZ-eko errenta besterik ez dela ordaindu behar gaineratu du. Barrualdea egokituta dauka eta terraza du. 

Taberna-jatetxea hartu nahi dutenek 1.500 euroko bermea ordaindu beharko dute, eta urtebeteko kontratua sinatuko dute 6 hilabeteko frogaldia eginda. Dena den, kontratua bost urtez luzatu ahal izango da gehienez, eta urtez urte berrituko da, bi aldeek hala adostuta.

Esleipena eskuratzen dutenek herriko marka erabili beharko dute kanpoko zein barneko komunikazio eta euskarri guztietan, eta udalaren edo udalarekin akordioa duten elkarteen ekintzak antolatzeko erraztasunak eman beharko dituzte. Ostiral, larunbat eta igandeetan ezingo da itxi, eta ezta ere jai egun edo jai egun bezperetan ere, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik. 
Festak direnean, hiletaren bat dagoenean edo ekitaldi bereziren bat dagoenean taberna-jatetxea zabaldu beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!