Elkarrizketa

«Nire buruan ez zegoen aurreneko postuetan ibiltzea»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 26a, 19:59

Parte hartu duen lehen maratoian irabazi egin du Eneritz Iraola bidaniarrak. «Iritsi eta ez nuen sinesten; uste dut pixka bat shock egoeran nengoela», esan du helmugako unea gogora ekartzean.

Gasteizko Martin Fiz Maratoia irabazi zuen Eneritz Iraola (Bidania-Goiatz, 1992) korrikalariak, maiatzaren hasieran. Ez zuen espero lorpena bidaniarrak, ez baitzen horren bila joan, besteak beste, bere lehen maratoia zelako. Korrika egiten jarraitzeko asmoa du, baina oraingoz ez du asmorik beste maratoi batean parte hartzeko.

Egiten duzun lehen maratoia, eta irabazi. Ez da ohikoa.

Bai, aurrenekoa zen eta emaitzarekin oso gustura geratu nintzen. Nire helburua bukatzea zen, eta ahal zela hiru ordu eta erditik jaistea, baina gehienbat ondo bukatzea eta sentsazio onekin. Nire buruan ez zegoen aurreneko postuetan ibiltzea.

Proba bera nola izan zen?

Ibilbidearen aldetik oso polita izan zen, oso giro ona zegoen, eta jende asko animatzen. 42 kilometro direnez, azkenean etapa ezberdinetatik pasatzen zara.

Noiz jabetu zinen lehen postuan zeundela?

21. kilometroan esan zidaten bigarren nindoala. Gero, 28 eta 30 kilometro inguruetan, ez dakit zehazki, neska bat pasa zen, eta aurreneko emakumearekin zihoan bizikleta nirekin jarri zen, beraz, hor banekien aurrenekoa nindoala.

Eta une horretan nola sentitu zinen?

Oraindik banekien karrerako parte handi bat falta zela, gogorrena, eta nire buruari esan nion lasai hartzeko, eta horrela joan nintzen. Azken bi kilometroetan bai esaten niola nire buruari ezin nuela geratu, bukaera zelako. Hor bai urduriago nengoela, ez bainekien bigarrena zenbatera zetorren.

Maratoia proba gogorra da. Nola sentitu zinen orokorrean?

Hasieran lasai hartu nuen. Gehienez asfaltoan 34 kilometro nituen eginda. Jendeak esaten zidan 35etik 42rainoko zatia oso gogorra zela, eta horretara oso ondo ailegatu behar nuela. Neurtzen joan nintzen eta azken hiru kilometroak-edo gogorrak izan ziren: hanketako mina, badakizu iristen ari zarela baina oraindik falta da, eta psikologikoki azken kilometro horiek luzeak egin zitzaizkidan. Bestela, oso ondo: oso ibilbide polita izan zen, eta erraz pasa zitzaidan denbora. Oso laua zen ibilbidea; tartean bazeuden aldapa txiki batzuk, baina nahiko laua zen. 21. kilometroan kaletik pasatzen ginen, eta hor animo pila bat jaso genituen.

Eta, irabazterakoan, nola sentitu zinen?

Sekulakoa izan zen unea. Azkeneko arkuetan sartzerakoan, posible ote zen galdetzen nion nire buruari. Iritsi eta ez nuen sinesten; gerora ere kosta egin zitzaidan, uste dut pixka bat shock egoeran nengoela.

Norbaiti eskaini zenion garaipena? Ingurukoak joan zitzaizkizun animatzera?

Etapa honetan lagundu didaten guztiei: etxekoei, lagunak, entrenatzailea... Eta batik bat Andoni, Alaz eta Olaiari. Goizean goizetik sekulako babesa izan nuen eta eman zidaten indar guztiarekin askoz errazagoa izan zen 42 kilometro horiek egitea.

Egindako denbora zer iruditu zitzaizun?

Lehen maratoia izanik ez nuen erreferentziarik. Hiru ordu eta erditik jaitsi nahi nuen, baina ez nekien nola erantzungo zidan gorputzak. Orduan, esan dudana, nire helburua ondo bukatzea zen, sentsazio onekin. Erlojua begiratzen joan nintzen, baina gehiegi obsesionatu gabe. Bukaeran gehiago begiratu nion eta iritsi nintzenean, denbora ikustean oso gustura geratu nintzen.

Zein izan zen zure denbora zehatza?

Kronometroak 3.20.57 markatu zuen, baina gu pixka bat beranduago abiatu ginen, eta 3.19.54 jarri zidan.

Lehenengo maratoian, nahi zenuen denbora eta lehen postua. Ezin hobeto, beraz.

Bai, noski. Denbora hori ez zegoen nire buruan, ezta postua ere. Beraz, oso gustura.

Nolatan animatu zinen maratoi bat egitera?

Aurreko urtean maratoi erdi pare bat egin nituen, eta oso ondo sentitu nintzen. Abenduan esaten zidaten ea zergatik ez nuen maratoi bat egiten. Beti ematen zidan inbidia, baina banekien distantzia luzea zela. Azkenean egitea pentsatu nuen eta hasi nintzen begiratzen, eta maiatzean Gasteizkoa zegoela ikusi nuen eta bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen.

Noiztik zabiltza korrika egiten?

Korrika egiten orain hamar bat urte hasi nintzen. Behobia-Donostia lasterketa ikustera joan ginen, hurrengo urtean egitea proposatu nion nire buruari eta horrela hasi nintzen korrika, eta orain arte.

Prestaketak nola egin zenituen?

Entrenatzaile bat hartu nuen, Ordiziako Sasoian. Beraiei buruz gauza onak entzun nituen eta banekien maratoi bat nire kabuz ez nuela prestatuko. Ez nekien nola hasi behar nuen. Beraiekin jarri nintzen kontaktuan, eta entrenatzaileak eraman du prestaketa guztia.

Entrenamenduak nola egin zenituen? Bidania inguruan errepide nagusia edo mendi bideak dituzu...

Entrenatzaileak segituan esan zidan hemen inguruan distantzia luzeak korrika egiteko zaila zegoela, aldapa asko daudelako. Beraz, entrenamendu guztiak Tolosan edo Azpeitian egin ditut.

Fisikoki entrenatzeaz gain, buru aldetik ere entrenatu behar da?

Bai. Entrenatzailea pixkana joaten zaizu distantziak luzatzen. Bakarrik ibili naiz korrika entrenatzen urtarriletik aurrera. 34 kilometrokoa izan zen nire entrenamendu luzeena eta bakarrik egin nuen. Ohituta nengoen bakarrik korrika egitera, eta maratoian bakarrik joatea ez zitzaidan gogorra egin. Entrenamendu luze bat egiten lehengusu batek lagundu zidan, baina bestela beste denak bakarrik egin nituen.

Orain maratoi bat irabazi duzula, aurrera begira horrelako lasterketetan parte hartu nahi duzu?

Ez dut asmorik. Nire helburua aurten maratoia egitea zen eta egin dut. Besterik ez dut oraingoz planteatzen. Hilabete askotako entrenamendua da, gogorra da, ordu asko direlako, neke handia, eta oraingoz ez dut buruan besterik egitea. Agian distantzia motzeko lasterketaren bat egingo dut, eta aurten agian Behobia-Donostia egingo dut.

Aurretik parte hartu izan duzu Behobia-Donostia lasterketan.

Zazpi egin ditut, eta egia da oso lasterketa polita dela. Inoiz egin ez duen norbaiti esango nioke behin egiteko. Aurten egiten ez badut, ziurrenik gero damutu egingo naiz, beraz uste dut egiten bukatuko dudala.

Eta lasterketa motzagoak, hamar kilometro ingurukoak?

Bai, horrelakoak asko izaten dira eta bat edo beste egingo dudala pentsatzen dut.

Beraz, ez zaizu korrika egiteko gogorik kendu.

Maratoia egin eta hurrengo astean ez nuen ia korrika egin, baina gogoa ez zait joan.

Mendi lasterketetan parte hartzeko asmorik baduzu?

Orain dela hiru urte probatu nuen T2T proba, eta oso gustura egin nuen. Baina mendira joateak alferkeria gehiago ematen dit. Ez dut baztertzen besteren bat egitea, agian udara aldera, baina asfaltoa gehiago gustatzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!