Udarako begiraleak behar dituzte Bidania-Goiatzen

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 12a, 10:04

Bidania-Goiazko Udala udara begira jarria da, eta udalekuetarako izen emateak ireki ditu. Alde batetik, begiraleak behar ditu, eta bestetik, udalekuetan parte hartzeko interesa duten haurrek ere izena eman beharko dute ekainaren 17a baino lehen.  

Bidania-Goiazko Udalak udalekuak antolatzeko interesa du. 3 urtetatik hasi eta 14 urte arteko gazteei zuzendua izango da, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Bestalde, udalekuak aurrera atera ahal izateko begiraleak behar ditu, eta horiei zuzenduta ere, izen ematea zabaldu du.

Udalekuak uztailaren 4an hasi eta 29ra bitarte luzatuko dira. 10:00etan hasi eta 13:00ak bitarteko tartea izango da. Begirale izateko interesa dutenei begira kontuan izango dute 18 urteak beteta edukitzea.

Baloratzerakoan, euskara egoki menperatzea edo PL 2a gutxienez izatea eskatuko dute. Horrela ezean, burutuko den elkarrizketan frogatu beharko du menperatze maila.

Herriaren ezagutza baloratuko dute, eta kasu honetan ere elkarrizketa baliatuko dute horretarako. Ikasketen kasuan, begirale ikasketak edota hezkuntzarekin zer ikusia duten ikasketak hartuko dute kontuan. Eta azkenik, eskarmentua, hau da, aldez aurretik eginiko ibilbidea begiratuko dute.

Bidania-Goiazko udalekuetan begirale izan nahi dutenek ekainaren 17izango dute izena emateko azken eguna, eta udaletxeko idazkaritzan eman beharko dute.

Haurrei begirako ekimena

Bidania-Goiazko Udalak udako oporraldia arindu nahi die herritarrei udalekuak antolatuta. Helburua, herriko ume eta gaztetxoek lagun giroan uda pasatzea dute, eta ekimen ezberdinen bidez ondo pasatzea eta bide batez gauza berriak egiten ikastea ere badute.

3 urtetik 14 urte bitartekoentzat izango da, eta parte hartzaile bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu. Famili ugarien kasuan, hirugarren haurrak 40 euroko kuota ordainduko luke.

Haurrek ere ekainaren 17a izango dute udaletxean izena emateko azken eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!