Kalegoenako eremu osoa erostea lortu du Bidania-Goiazko Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 21a, 19:59

Jabetza guztiak bereganatuta etxebizitzak eraiki nahi ditu udalak; urtebete eta gero, ur zikinen bilketako obrak bukatu dituzte, eta hori tarteko udaletxeko plaza berritu dute.

678.000 euroko aurrekontuarekin ari da lanean Bidania-Goiazko Udala, eta gai ezberdinak dituzte esku artean. Ia urtebete eta gero, etxebizitzen proiektua gauzatzen hasteko moduan dira, Kalegoenako jabetza guztiekin adostasunera iristea lortu eta eremu osoa udalaren eskuetan dagoelako.

Herriaren erdigunean dago Kalegoena, eta aitortu du Agurtzane Zelaia alkateak «tentazioa» beti izan duten arren, «ia-ia ezinezkoa ikusten zen hori bideratzea». Udalak oso zati txikia zuen berea, eta alboan jabetza ezberdin asko. Bi aste dira guztia itxi dutela. Aurreko legegintzalditik datorren gaia dela azpimarratu du. Bilera pare bat egin zituztela egoera zein zen neurtzeko kontatu du, eta «beldurra» zutela aipatu du. Hala ere, hastea erabaki zuten, eta jabetza bakoitzarekin hitz egin eta adostasunera iristea lortu dute.

«Kosta zaigu eta bide luzea izan da, baina bukatu dugu», dio. Eremu guztia bereganatuta, orain, udalak «zer eskatu edo zer eskaini dezakeen» erabaki beharko dute. Zerrenda bat egina dute interesa dutenekin, eta herritarrei proiektua aurkeztu ere egin zieten, baina ez zen ezer ziurra. Orain, mahai gainean jarriko dute gaia guztia aurrera behar bezala eramateko, eta pausoak aurrera eman ahala herritarrak informatzen jarraituko dute. Sustapenarekin jarraitzeko, eta Plan Bereziaren izapidetza amaitzeko 3.000 euro jarri dituzte, eta 12.000 euro errepartzelazio proiektua egiteko.

URTEBETEKO OBRAK

Urtebete pasa da Bidania-Goiatzen ur zikinen bilketa, bideratzea eta hondakin uren araztegia egiten hasi zirenetik, eta ia bukatu dituzte lan horiek ere. Herri guztia hankaz gora jarri dute azken urtean. Guztira 2.250.000 euroko aurrekontua izango du proiektu guztia egiteak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bidez egingo dira lan horiek. Bidaniako eta Goiazko isuri nagusiak bildu dituzte, eta hondakin urak araztegiraino eramango dituen kolektore nagusiak 1.314 metro luze ditu. Horrez gain, bigarren mailako zazpi adar gauzatu dituzte, eta guztien artean 1.045 metro osatzen dituzte. Hondakin Uren Araztegia Bidaniako errekaren ezkerraldean egin dute, eta arazketa prozesua egin ondoren, bertara isuriko da efluentea. «Orokorrean egin duten lan guztiarekin oso kexa gutxi izan ditugu», azaldu du alkateak. Lan handiak izan dira azken urtean egin dituztenak, eta «gustura» agertu da traba gutxi egin dutelako herrian. Aspalditik ari ziren eskatzen obra hauek egitea.

Lan horiek tarteko, besteak beste, udaletxeko plaza puskatu zuten: «Hodiak pasa ahal izateko erditik dena puskatu egin behar izan zuten, eta ikusi genuen oraintxe zela garaia dena konpontzeko». Harri borobilez eginiko plaza zen, eta ez hain erosoa ibiltzeko. Txukun jarri nahi izan du udalak, eta kotxeak aparkatu ohi zirela ekarri du gogora Zelaiak; «hemendik aurrera itxi egin nahi dugu eta udaletxerako sarrera txukun utzi». Oraindik zehaztu gabe dute guztiz nola itxiko duten plaza, baina garbi utzi du autoak ezingo direla bertara sartu. Granito naturalez estali du udalak, eta 41.524,47 euro kostatu dira lanak. «Langile berdinekin egin dugu, eta udaletxe ertzeko espaloia ere altxa behar izan zuten hodia pasatzeko eta hori ere egin da», dio Zelaiak.

UDALETXERA BEGIRA

Teilatuko obrak eta irisgarritasun lanak egin eta gero, Bidania-Goiazko udal ordezkariak, berriz ere, udaletxeko obrak bukatzeko asmotan lanean hasi dira. Batik bat, solairu nagusia egokitu nahi dute, eta horrez gain, eraikin osoko leihoak berritzea dute helburu. «Etxebizitzen proiektuarekin ere hasita gaude, eta beldurtu ere egiten gara noraino sartu edo ahalko dugun, eta pixka bat albo batera utzita edota hoztuta geunden udaletxeko azken zatiarekin, baina berriz berotu egin gara, eta berritzeko asmoa dugu», azaldu du, «baina ez dakit zer lortuko dugun».

Idazkaritzako bulegoak berritu eta egokitu nahi dituzte, batzar nagusien aretoa, eta horrez gain, Bidaniako Ostatuko etxebizitza du alboan, eta gutxieneko baldintzak bete ditzan obrak egingo lituzkete solairu guztia egokituz.

«Udalak diru zati bat jarri du, baina horrekin bakarrik ezin da», esan du Zelaiak, eta diru laguntzak lortu nahian ari dira obrak gauzatu ahal izateko. Zatitu egin dituzte egin beharrekoak, eta bulego oina egokitu eta leiho berriak jartzeko 91.708,22 euro bideratu dituzte, eta aldiz, Ostatuko etxebizitza hobetzeko 30.000 eurotako partida jarri dute.

Etorkizunera begira, energia berriztagarrien gaiarekin ere hasi dira lanean, eta hasiera batean, ziurrenik, Bidaniako eskolako teilatuan jarriko lituzkete eguzki panelak. Ez dela proiektu handia, baina ale txikia jarriz hasi nahi dutela aurreratu du. Enpresa baten laguntzarekin egin dute ikerketa eta proposamena, eta lanak esleitzeko bidean dituzte. Aurrekontuan 35.000 euro aurreikusi dituzte.

Baserri bideen konponketek ere urtero izaten dute tokia Bidania-Goiazko Udalean, eta aurten ere 14.000 euro bideratu dituzte lan horietara.

FESTAK EGITEKO GOGOA

Gainerakoan, «beharra» ere badagoela azpimarratuz, kultur ekitaldi eta festei begira jarri dira eta aurtengoak bere horretan mantentzea dute helburu.

Jai batzordearekin harremanetan jarri dira, eta kultur ekitaldietarako diru laguntza eskaera ere egin zutela, eta onartuta dutela esan du Zelaiak. Honela, urtean zehar ekitaldi ezberdinak egiteko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!