Aurkeztu dute 'Bidaniako ontzi fabrika' proiektua

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 7a, 16:59

Proiektuan parte hartu duten protagonistak eta herritarrak izan dira aurkezpenean; "herritik, herritarrekin eta herriarentzat" egindako proiektua izan dela nabarmendu dute.

Bi urteko lanaren ondoren, larunbat arratsaldean aurkeztu zuten Bidaniako Ontzi Fabrika proiektua herritarren aurrean. Bidaniko San Bartolome elizan 130 lagun inguru elkartu ziren, eta tartean ziren proiektuan parte hartu duten protagonistak eta herritarrak. Baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean joandako Mari Jose Telleria Kultura zuzendari nagusia ere.

Bidania-Goiatzen XX. mendean jazo ziren gertaera historiko desberdinen lekuko zuzena izan zen Ontzi Fabrika eta horren ingurukoa da proiektua. Fabrika bera izan da gai nagusia, eta horren inguruan osatu zuten aurkezpena ere. Bertan ziren gainera protagonista ia guztiak, bai langile ohiak, familia ordezkariak eta profesionalak ere. Guztien aurrean, "merezi zuen aurkezpena" eman zitzaion lanari.

Eliza sarreran Ontzi Fabrikako material ezberdinen erakusketa bat jarri zuten, garai ezberdinetako piezekin, pieza amaitu gabekoekin eta fabrikan erabiltzen zituzten molde eta gazetekin osatua. Ekitaldia aurkezpenarekin hasi zen, Agurtzane Zelaia Bidania-Goiazko alkateak eta Edurne Agirrezabala eta Iban Urdapilleta proiektuaren egileek hartu zuten hitza. Hasierako ideiak eta bidean izandakoak kontatzearekin batera, proiektua aurrera atera ahal izateko jaso duten laguntza guztia eskertu zuten. Eta talde lana azpimarratu eta eskertu zuten, "herritik, herritarrekin eta herriarentzat egindako proiektua izan delako, Bidania-Goiazko historiaren zati txiki bat".

Behin dokumentala amaituta, bertaratu ziren guztiek liburua eta dokumentala jasotzen duen USB-a jasotzeko aukera izan zuten, doan, "herriko etxe guztietan eta fabrikarekin lotura izan zuten familia guztien etxeetan egotea nahi den proiektu bat delako". Hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bidania-Goiazko Udalaren laguntzari esker izan dela adierazi dute egileek. Ekitaldia borobiltzeko, bertaratu ziren protagonistak, egileak eta erakundeetako ordezkariek familia argazkia atera zuten.

Egileek azaldu dute larunbatean bertaratu ez zirenek edo beste aleren bat jaso nahi dutenek asteazkena, otsailaren 9tik aurrera jaso ahal izango direla liburua eta dokumentala doan Bidania-Goiazko udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!