Abenduaren 18an du Uemak batzar nagusia, eta batzarkideek orduan aztertuko dituzte herri berrien eskaerak. Bidaia-Goiatz gehituta, 93 udalerri izango dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Tolosaldeari dagokionez 21 udalerri dira jada, Uemako kide.
Datu soziolinguistikoei dagokienez, euskaldunen indizea %87,65 da Bidania-Goiatzen, baina beheranzkoa da joera, beste arnasgune askotan bezala. Etxeko erabileraren beheranzkoak ere kezkatzen du udala, eta herritarrak kontzientziatzeko eta Uemarekin zein Tolosaldeko beste udalerriekin batera hizkuntza politikan eragiteko asmoz hartu du erabakia.
Agurtzane Zelaia alkatearen arabera, “naturaltasunez” hartu dute erabakia: “Uemako kide izatea hainbat legealditan landutako gaia da, baina orain arte ez da pauso hori eman. Agian, momentu horietan ez zen beharrezkoa ikusiko, baina iritsi da eguna, eta naturaltasunez hartu dugu erabakia. Momentu hau ere gakoa dela uste dugu, erabilera eta ezagutza beherantz doaz, eta horri gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu. Helburu honetan lankidetzan aritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu”.