Nazioarte mailako lorpenak Miren Larrarte pilotariarentzat

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 3a, 19:59
Miren Larrarte, Europako One Wall Txapelketan, Herbehereetan.

Europako Front Ball Txapelketa irabazi berri du, eta Europako One Wall Txapelketan eta nazioarteko jokoan lehen eta bigarren postua ere lortu ditu.

Hainbat txapelketetan parte hartu du azkenaldian Miren Larrarte pilotari bidaniarrak, eta azkenekoan, aurreko asteburuan Tolosan (Frantzia) jokatu duten Europako Front Ball Txapelketan, garaile izan da. Finalean Leire Garairen aurka jokatu zuen eta bakoitzak set bat irabazi zuenez, hirugarrenean erabaki zen irabazlea. «Oso kontentu» dago Larrarte lortutako garaipenarekin. Front ball modalitatean pareta bakarra da, aurrean dagoena, eta bertan lauki bat dago, lurrean beste bat, eta txapa hemengo frontoietan baino baxuago dago. Bi setetara jokatzen da partida, hamar tantotara, eta berdinketa izanez gero, bost tantotara jokatzen da hirugarren eta azkena.

Txapelketa hori baino astebete lehenago, Herbehereetan izan zen Larrarte, Europako One Wall Txapelketan parte hartzen, Euskal Selekzioarekin. 19 urtez azpiko mailan irabazi egin zuen binaka, bikotekide Leire Garai zuela. Txaparik gabe jokatzen da, pareta bakarrarekin, eta pilotak frontenisean erabiltzen direnen antzekoak dira. «Joko bizia da, eta erasora asko jokatzen da», esan du Larrartek. «Front ball modalitatean defentsa gehiago gailentzen da». Herbehereetan ere joko internazionalean txapelketa ere jokatu zuten, talde bakoitza lau partaiderekin, eta hor bigarren izan ziren. Jokamolde hau bote luzearen antzekoa da, baina arauak ezberdinak dira.

Txapelketa hori baino lehen Valentzian izan zen Larrarte, Euskal Selekzioarekin ere. Hango federazioak nazioarteko torneo bat antolatu zuen eta bertan one wall modalitatean irabazi egin zuten eta joko internazionalean bigarren egin zuten, bietan finalak valentziarren aurka jokatuta.

Aurrera begira, azaroaren 19tik-21era Munduko One Wall Txapelketa jokatzeko aukera izango du, banaka, Valentzian. Front ball modalitatean Kuban zen jokatzekoa aurten Munduko Txapelketa, baina atzeratu egin dute datorren urtera arte.

Eskuzko modalitatean, baina oraingoan ezker pareta duten frontoietan eta pilota mistoarekin. Diario Vasco txapelketa, Master Cup txapelketa, eta Bergara Hiria Txapelketa jokatuko ditu azaroan, azken hori binaka, Arrate Bergararekin batera. «Aurreko txapelketetako pilotak arinagoak dira eta beste modu batera jotzen dira», esan du Larrartek. «Pilota mistoarekin entrenatzen hasterakoan, ikusten da askoz gehiago pisatzen duela eta zailagoa da mugitzea. Orain entrenamenduetan ohitu beharko gara berriro». Halere, pozik dago Larrarte, partidak jokatzen ari direlako: «Gustura hartzen da berriro ere jokatzen aritzea. Gainera orain partida pila bat ditugu, eta hori eskertzekoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!