ERREPORTAJEA

Parrillak erakarrita, lan aldaketa

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 3a, 11:59

Bidania-Goiazko Kontseju taberna Irama Egurrolak eta Jorge Gomesek dute irekita abuztuaz geroztik; «gustura» ari dira lan berrian, eta beraien eskaintzako izar nagusia parrilla da.

Irama Egurrola bilbotarrak eta Jorge Gomes portugaldarrak Lizartzan zuten taberna irekita, eta txiki geratu zitzaien. Ezagutzen zuten Bidania-Goiatz herria, eta baita bertako Kontseju taberna ere, eta lehiaketara atera behar zutela jakitean Bidaniako tabernaz interesatu ziren. «Beti gehiagorako helburua dugu», esan du Gomesek, eta lekua asko gustatzen zitzaiela aitortu du.

Zirt edo zart erabaki behar izan zuten, eta Lizartzako lana utzi eta Bidaniarako bidea egin zuten. Beraien oporrak ere albo batera utzi behar izan zituzten, eta abuztuaren 6an zabaldu zuten Bidaniako Kontsejua. Lizartzaren antzeko herritzat dute Bidania-Goiatz, eta errepide ertzean kokatuta egotearekin «beti gerturatzen da baten bat gehiago», argitu du portugaldarrak.

Eskaintzaz hizketan, «gure izarra parrilla da», esan du Gomesek: «Kalitate handiko haragiak egiten ditugu, txuletak, saiheskia,... eta baita arrainak ere». Bertako produktuaren alde egiten dutela azpimarratu du Egurrolak: «Produktu ona, freskoa eta gertukoaren aldeko apustua egiten dugu». Haragia eta arraina parrillan eginda eskaintzen dute; «jendea pozik ateratzen da», esan du Egurrolak, eta gehitu du: «Ekartzen ari garen txuleta asko gustatzen ari da». Egunero-egunero pizten dute parrilla.

«Produktu freskoa ondo kalkulatzea ez da erraza, edo motz geratu zaitezke edota pasa. Haragiaren kasuan dugun abantaila harategia parean dugula da, eta haragia kontrolpean dugu», zehaztu du Gomesek. Gainera, «bertako haragia saltzen du, eta kalitatea handikoa da», nabarmendu du.

Parrillakoaz gain, kroketak asko gustatzen direla, dio Egurrolak. «Etxean egingo nituzkeen moduan egiten ditut. Amamak erakutsi zidan, eta berdin egiten ditut. Egin eta segituan amaitu egiten dira».

Astean zehar eguneko menua eskaintzen dute, eta karta ere izaten dute. Horrez gain, plater konbinatuak, errazioak eta ogitartekoak ere eskaintzen dituzte. «Gazteei begira ere egiten dugu, eta serioago jan nahi duenarentzat karta dugu», azaldu du Egurrolak. Asteburuetan, kartaz aparte, «batzuetan arkumea, edo karrillerak edota bakailaoa pil-pil erara izan dezakegu».

Egurrolak 23 urte daramatza ostalaritzan lanean: «Estilo ezberdineko jatetxeetan egin dut lana, eta guztietatik ikasi dut, eta amamak erakutsitakoak era asko balio du». Gomes hasiberriagoa da, hiru urte daramatza. Maitasuna aipatu du, ordea, Gomesek: «Batez ere, garrantzitsua da gauzak egiterakoan jartzen duzun maitasuna, eta baita jartzen duzun arreta ere».

Asteazkenetan izaten dute asteko atseden eguna. Astelehenetik ostegunera 10:00etan ireki eta 22:30ak bitarte zabaltzen dituzte Kontsejuko ateak. Ostiraletan eta larunbatetan, 10:00etatik 01:00etara egiten dute lan, eta igandeetan, aldiz, 10:00etatik 23:00etara.

Egun librea toki ezberdinetara joateko ere baliatzen du bikoteak; «gauzak ikusten eta ideiak hartzen aritzen gara, eta gero gurean txertatzen ahalegintzen gara», argitu du Gomesek.

Astean zehar ez dutela ia arazorik izaten, baina astebururako aldez aurretik erreserba egitea komeni dela aurreratu dute, «arazorik ez izateko».

POZIK HERRITARREKIN

«Oso gustura» daude Bidania-Goiazko herritarrekin. Astean zehar jende gutxiago ibiltzen dela kontatu dute, baina asteburuetan mugimendu handiagoa dutela adierazi dute, eta herriko jendea ezagutzen ere hasi direla. Herritar «jatorrak» dituztela adierazi dute.

«Herrian dugun hotelari esker ere lan asko egiten ari gara», azaldu du Gomesek. «Bezero asko bidaltzen dizkigute». Hotelean bezero diren, eta herria ezagutzera jaisten direnak sartzen hasi direla kontatu dute. «Batzuek besteei esaten diete, eta hoteleko arduraduna ere etortzen da, eta galdetzen dietenean gurera bidaltzen ditu», esan du Egurrolak. «Kataluniatik, Frantziatik, Erresuma Batutik edota Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bezeroak izan ditugu».

Gomes Oportokoa izanik, menuan badu eraginik: «Umetatik arraina jatera ohituta nago, eta arraina egiten ere asko ikusi dut; eta arraina bikain ateratzen zait». Postreetan portugesak diren postreak ere badituzte, eta jakiek ere portuges kutsua dute: «Hango eta hemengo zaporeekin jolasten dugu». «Lehenengo, zerbitzatzen dugun guztia aldez aurretik probatu egiten dugu», dio Gomesek, eta gustatzen baldin bazaie menuan sartzen dituzte. Jendeak probatzeko joera duela kontatu dute: «galdetu egiten dute zer den, eta azalpenak ematen dizkiegu, eta probatzera animatzen dira».

EKITALDIAK HERRIRA BEGIRA

Herritarrei begira ekitaldi ezberdinak antolatzen ari dira, eta erantzun «ona» jasota, horrela jarraitzeko asmoa dute. Esaterako, arimen gauaren harira lehiaketa bat antolatu zuten pasa den asteburuan. «Herritarrak erakartzeko zerbait egin beharra dago, eta baita egunerokoa pixka bat apurtzeko ere».

«Ostalaritza gustatu egin behar zaizu, bestela ez dago egiterik», argitu dute. Ordu askoko lana dela aitortu dute; «galdutako ordu asko daude, eta begira egotetik korrika lan egitera pasatzen zara, eta presioarekin lan egitera ohituta egon behar duzu». «Atzean jendeak ikusten ez duen lan asko dago, ez da freskagarriak ateratzea bakarrik», gaineratu du Egurrolak.

Herritarrek emandako erantzuna «eskertu» nahi izan dute, «ez genuen espero horrelako harrera egingo zigutenik». Jendearekin hitz egitea gustatzen zaie, eta jendeak beraien iritzia «zintzo» ematea nahi dute: «Jendearekin hitz egin, eta gauzak hobetzea nahi dugu, eta horretan saiatzen gara».

Urtebeteko kontratua dute sinatuta, eta urtero berritu dezakete kontratua bost urteak bete bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!