Bueltan datoz adinekoak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 30a, 07:59

Bidania-Goiatzen adinekoei zuzendutako Tipi-Tapa ekimena martxan jarri dute; hasiera batean hilean behin elkartuko dira, bi orduz.

Bidania-Goiazko Saiaz Mankomunitateak martxan jarri du Tipi-Tapa ekimena.  Bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko programa da, eta atzo egin zuten lehen irteera herrian barrena. Eguraldi ona lagun, Goiaztik itzulia egin zuten kontu-kontari, atsedenerako tarteak hartuz. 

Laguntzaile moduan aritzen dira Joxe Angel Zinkunegi eta Antton Beloki. «Herri txiki hauetan ekimenik ez bada motz geratzen gara. Etxean bakarrik, nahiz eta baserri bueltan aukera izan, beharrezkoa da elkarren artean kontu-kontari aritzea», kontatu zuen Zinkunegik. «Egin beharreko» ekimena dela uste du, berriz, Belokik.

Eskolako haurren bisita izango dute, lantegi bat bisitatzera joatekoak dira, eguraldi txarra den egunean medikuak hitzaldia eskainiko die,... ideiarik ez zaie falta. Momentuz hilean behin elkartzeko asmoa dute. Hurrengo hitzordua urriaren 27an izango dute, eta atzetik azaroaren 24an eta abenduaren 15ean elkartuko dira. «Hilean behin bakarrik elkartuta uste dut motz geratu garela», esan zuen Belokik, eta gaineratu: «Ekimen asko ditugu buruan behintzat». 

«Orain artean herri txiki hauetan denok ezagutu izan gara, eta nahiz eta kalean dezente ibili, orain herritar batzuk ez ditugu ezagutzen», argitu zuen Zinkunegik. Elkar ezagutzeko ere baliatu nahi dute Tipi-Tapa, eta belaunaldien arteko harremanak landu nahi dituzte. Psikologikoki ere garrantzia duela aipatu zuten, eta adar jotze txikiek eta irribarreek ere, «huskeria dirudite, baina guztiok dakigu beharrezkoak direla», zioen Zinkunegik. 

10:30ean Bidaniako frontoian elkartuko dira, eta 12:30ak bitartean egongo dira elkarrekin. Momentuz ezin dute hamaiketakoa eginez amaitu ekimena, baina ez dute esperantzarik galtzen.

Bukatzeko, laguntzaile izan nahi dutenek izena eman dezakete saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 68 11 28 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!