Herritarrentzat baino ez den kultur eskaintza

Ataria 2021ko ira. 28a, 10:29

Bideak dokumentaleko une bat.

Bidania-Goiazko Udalak kulturari garrantzia eman, eta udazkenera begira kultur eskaintza antolatu du Ernio Guraso Elkartea, Kukuri Kultur Elkartea, gazte eta herritarrekin elkarlanean. Herritarrentzat baino ez dira izango ekitaldiak.

Urriko larunbatak kultur eskaintzak bete dituzte Bidania-Goiatzen. Osasun egoera tarteko, bete beharreko neurri eta distantziak direla eta, herritarrek eta herritarrentzat bakarrik antolatu dituzte ekitaldi ezberdinak.

Urriaren 2an, larunbatean, Txori ilunak liburuaren aurkezpena izango da. Alberto Ruiz herritarrak idatzitako istorioaren antzezpena egingo dute Goiazko frontoian, 18:00etan. Zortzi urtetik gorako haurrentzat da gomendagarria.

Urriaren 9ko ekitaldia Bidaniako Kontsejuko arduradunek antolatua da, eta El Txou de Patxi, Gorka Aginagalderen bakarrizketa umoretsua izango da. Kontsejuan bertan 20:00etan. 

Urriaren 23an, Bideak dokumentala ikusteko aukera izango da. Aritz Ganboa artzaina eta protagonista eta dokumentalaren zuzendaria den Xabier Unanua bertan izango dira. Bidaniako elizan eskainiko dute 18:00etan hasita.

Bukatzeko, urriaren 30ean, Bubble Ball jokoa izango da. Burbuja futbol desafioa da. Bidaniako parke zaharrean egingo dute 15:30etik 19:30era. 15:30etik 16:30era, Bidania-Goiazko LHko ikasleentzat, eta 16:30etik 19:30era, 12 urtetik (DBH 1eko ikasleak) aurrera, adin mugarik gabe.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!