Miren Larrarteren taldea bigarren geratu da

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 3a, 11:33

Erlantz Garciaren taldeak irabazi du bigarren Plazandreak pilota txapelketa, finaleko hiru partidak irabaziz.

Erlantz Garciaren eta Reyes Azkoitiaren taldeak nor baino nor aritu ziren txapelaren lehian atzo jokatutako finalean, eta 3-0eko markagailuarekin Garciaren pilotariek jantzi zuten txapela. Miren Larrarte bidaniarraren taldeak, beraz, bigarren postuarekin konformatu behar izan  du.

Finalari hasiera emateko, Reyes Azkoitiak Mirian Arraiza antiguarraren aldeko apustua egin zuen, eta Erlantz Garciak indartsu ekin zion, Amaia Aldai "bere pilotaririk onena" kantxaratuz. Dimakoak bere boterearen erakustaldi berri bat eman zuen 6-12 irabaziz, sakea argudio nagusi zuelarik. Izan ere, bizkaitarrak hasierako pilotakadarekin 7 tanto lortu zituen, eta gainera Arraizak bi falta egin zituen, hau da, Aldairen 12 tantoetatik 9 jokaldi honetatik heldu ziren, 21 minutu eta 70 pilotakada izan zituen partidan.

Bigarren partidan ere arratiarra erabakigarria izan zen bere eskuin indartsuarekin. Erlantz Garciak Uxue Oses oñatiar gaztea jarri zion lagun, eta 5-12 irabazi zieten Larrarte-Bergara bikote gipuzkoarrari. Beste behin, sakea Aldairen argudio sendoenetako bat izan zen eta beste bost tanto egin zituen hasierako pilotakadarekin. Hori bai, bigarren partida askoz ere ikusgarriagoa eta piloteatuagoa (189) izan zen. Erlantz Garciaren neskak uneoro markagailuan aurretik joan ziren, Reyes Azkoitiaren pilotariek partidaren lehen zatian eutsi egin zioten lehiari, 4-5era arte, hain zuzen ere. Une horretan, Amaia Aldaik bikotearen pisua bere bizkarrera bota zuen, eta partidarako ez ezik, txapelketarako erabakigarria izan zen aldea hartu zuten 6-0eko partzial batekin.

Dena erabakita zegoen, beraz, hirugarren partidarako. Kaiolako azken partidan Miren Larrarte Reyes Azkoitiaren ohorea salbatzen saiatu zen, baina Leire Garai gasteiztarra ez zegoen horretarako prest eta 6-12 gailendu zen, bere taldearen garaipena biribilduz.

Emaitzak:

Arraiza 6 - Aldai 12
Larrarte-Bergara 5 - Alday-Osés 12
Miren Larrarte 6 - Leire Garai 12

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!