ARGAZKI GALERIA

Ahaztuko ez duten abentura

Bost egunez Euskarabenturako 80 gaztek eta begiraleek Bidania-Goiatz izan dute aterpe; bi irteera egin dituzte, eta elkar ezagutu eta batik bat, ondo pasatzeko baliatu dituzte egunak.

Euskarabenturaren bigarren abentura ostiralean hasi zuten Bidania-Goiatzen, eta gaur goizean oihalezko etxolak bildu, eta Aulestirako bidea hartu dute. Euskal Herri osoko 80 gaztek abenturaren erdia bizitu dute Bidania-Goiatz eta bere inguruetan. Egoerara moldatu behar izan dute, eta hori aipatu du Asier Gondes begiraleak. Bi irteera baino ez dituztela egin dio, baina datorren urtean, ohiko formatura itzuli, eta berriz ere, Bidania-Goiaztik pasatzea gustatuko litzaioke.

Laurogei gaztetatik hiru adibide baino ez dira Ana Simpler tolosarra, Helene Zabaleta oñatiarra eta Eki Zulaika doneztebearra. «Oso egun politak izan dira», dio oñatiarrak. «Oso giro ona dago gure artean; esperientzia oso polita eta inoiz ahaztuko ez duguna izango da», esan du. Guztiak ezezagunak izanagatik, tolosarrak azkar lortu dutela «elkar ezagutu eta ondo ematea» gaineratu du. Zulaikak hirugarren egunean etorri behar izan zuela argitu du, baina «jendeak oso ongi hartu nau, eta erraza izan da lagunak egitea».

Bidania-Goiatzen lasaitasunean «gustura» egon dira guztiak. Bost egunen balorazioa egitean «ona» hitza da aipatzen dutena. «Beste herrietako jendea ezagutzea beti ondo etortzen da, aberasgarria da», dio Simplerrek.

Egin duten gustuko gauza bat aipatzeko eskatzean, tolosarrak urarekin bustiz eta musikarekin dantzan pasa zuten arratsaldea aipatu du. Zulaikak, berriz, pasta posta jolasa aukeratu du: «Ongi egon zen, eta baita bertan sortu zen giroa ere». Oñatiarrari, berriz, zaila suertatu zaio bat aukeratzea. Orokorrean beraien arteko harremanarekin geratzen da. Hirurak harritu dituen puntuetako bat jatekoa izan da. Orokorrean, janari «ona» ari direla jaten azpimarratu dute.

Euskarabenturaren ardatz nagusietako bat euskara da, eta ezaugarri du euskalkien festa. «Positibotzat» eta «aberasgarritzat» dute gazteek euskalki ezberdinak entzun ahal izatea. Euskalki ezberdinak ezagutzen ari direla diote, eta batzuk inoiz entzun gabeak izan arren, ondo dagoela azaldu dute. «Txoke» moduko bat izan dela batik bat hasieran iparraldeko herrialdeetako lagunekin hitz egitea, baina jada jarriak dira, eta elkar ulertzen dutela azaldu dute.

Hurrengo urteei begira gazteak animatu dituzte: «Hasieran kosta egiten da lan egitea, baina gero eskertzen da», dio Simplerrek. «Aukera duenak lana egin dezala» azpimarratu du Zabaletak, eta Zulaikak gaineratu du: «Merezi du bost egun lan egiten egoteak, gero, hemen, aurten ez, baina hilabete oso bat egon zaitezke-eta».

ERAKUNDE PUBLIKOEN BISITA

Irteerak, jolasak, atsedenerako tarteak, ezustekoak eta bisitak ere izan dituzte. Tartean, laguntzaile dituzten erakunde publiko desberdinen bisita jaso dute: Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustapen zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia eta Agurtzane Zelaia Bidania-Goiatzeko alkatea. «Esperientzia hau gogoratuko duzue, eta garrantzitsuena izango da oroitzapen horiek euskaraz izango dituzuela», esan zien, besteak beste, Alkortak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!