Bidania-Goiatzen etxebizitza nahi dutenek izena emateko aukera dute

Ataria 2021eko uztailaren 20a

Bidania-Goiazko Udalak Kalegoenako etxebizitzen proiektua aurkeztu die herritarrei, eta orain herritarren interesak jakin nahi dituzte. Bidania-Goiatzen bizi nahi dutenek galdetegi labur bat baino ez dute bete beharko, nolako etxebizitza nahi duten zehaztuz; bertan izena emateak ez du inongo loturarik edo obligaziorik.

Herrian etxebizitza eskaintzaren eskasia kontuan hartuta hasi zen lanean Bidania-Goiazko Udala. Kalegoenan etxebizitzak egin ahal izateko lurrak erosteaz gain, proiektua aurreratzen ere hasia da udala.

Lur jabeekin egindako hainbat bileren ondoren, Bidania-Goiazko udalak guztien adostasuna lortu du eta honela Kalegoenako eremuaren kudeaketa osoa bereganatu du. Horrek, etorkizunean eman beharreko pausu asko erraztuko dizkiela azaldu dute.

Eremuari dagokionean udalak dagoeneko inbertsioa ere egina du. Zehazki 306.500 euro jarri ditu; 131.500 euro lurrak erosten eta 175.000 euro eremuan eraikiko diren etorkizuneko lokalen truke. 

Aurrera begirako pausuak bi helburutan banatu ditu udalak. Alde batetik, etxebizitza eraikitzaile ezberdinei Kalegoena aurreproiektua erakutsiko diete, proiektuaren exekuzioa aurrera eramatera gonbidatuz. Eta bestetik, eta garrantzitsuena, herrian bizitzeko interesa dutenen zerrenda bat osatu nahi dute. Zerrenda, herritarrekin nahiz gaur egun herritarrak ez direnekin osatuko dutela aurreratu dute: "Honek, eraikitzaileei, herrian zer nolako etxebizitza eskaera maila dagoen ezagutaraziko die". Etorkizun hurbil batean, berriz, "zerrendan izena eman dutenekin, harremanetan jarri eta aurrera begirako lanketak egiten hasiko gara", esan dute.

Horregatik, herritarrei dei egin diete Bidania-goiatz.eus udaleko webgunearen bidez galdetegia betetzeko. Galdetegia laburra da, eta nolako etxebizitzak nahi diren zehazteko baliagarria izango zaio udalari. Bertan izena emateak ez duela inongo loturarik edo obligaziorik sortzen adierazi dute: "Baizik eta momentu honetan Bidania-Goiatzen bizitzeko asmoa duzula erakutsiko zenuke, eta proiektuaren eboluzioaz informatuta egoteko bidea irekiko zaizu".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!