Kalegoena eremuko etxebizitzen aurreproiektua aurkeztuko diete herritarrei

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 6a, 10:56

Bidania-Goiazko Udala azken urte luzean etxebizitzen proiektua garatzen ari da, eta ostegunean, Kalegoenako aurreproiektuaren aurkezpen zabala egingo du, baina soilik herritarrentzat izango da.

Kalegoena eremuan etxebizitza berriak eraikitzeko proiektuaren garapenarekin ari da Bidania-Goiazko Udala. Zenbait lan eta inbertsio egin dituztela aurreratu dute, eta orain, beste aurrerapauso bat emateko prest daude: Kalegoenako aurreproiektuaren aurkezpen zabala. Herritarrentzat bakarrik izango dela aurreratu dute. 19:00etan, Bidania elizan egingo dute.

Aurkezpenean etxebizitza berrien informazio zehatza azalduko dute, eta herritarrek zalantzak eta kezkak galdetu eta argitzeko aukera izango dute. Xanti Peñalba arkitektoarekin ari da udala lanean, eta teknikaria aurkezpenean bertan izango da.

Besteak beste honako zehaztasunak azalduko direla aurreratu dute: eraikinaren eraketa, babes ofizialeko eta etxebizitza libreen aukera, etxebizitzen plano posibleak, etxebizitza ezberdinen ezaugarriak, barne banaketa eta antolaketa, garajeak, salneurria edo epeak.

Guzti hori, betiko planoez gain, 3D infografiaz lagunduko da, ordenagailu bidez 3 dimentsiotan sortzen den irudiaren proiekzioarekin alegia, "gaur egun gisa honetako proiektuak aurkezteko punta-puntako tresna da", esan dute udaletik.

Herritar guztiak aurkezpenera gonbidatu dituzte udaletik, "zuen parte hartzea ezinbestekoa baita proiektua gauzatzeko". Baina, batez ere, dei berezia egin diete herrian etxebizitza bat erosi nahiko luketenei, izan ere, "inongo konpromisorik gabe, epe bat irekiko baita interesa dutenek izena eman dezazuen", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!