ELKARRIZKETA

«Gurpildun aulkian egon ala ez, guztiok eskubide bera dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 10a, 15:22

Nerabezaroko garairik onenean zegoela, gurpildun aulkian geratu zen Jon Galarraga goiaztarra; horrek, ordea, ez zion ikasten jarraitzeko mugarik jarri, eta soldadura ikastaroa burutu berri du Tolosaldea LHII-n.

Goi mailako administrazio eta finantza zikloa egin zuen Jon Galarragak (Bidania-Goiatz, 1985) Tolosaldea LHII-n. 16 urterekin moto istripua izan zuen, eta gurpildun aulkian ibiltzen da geroztik. 10 urte baino gehiago daramatza administrazio eta finantza lanetan, eta duela gutxi, soldadura ikastaroa burutu du.

Oraindik ere, gauza askotarako beharko duzu laguntza, ezta?

Oraindik gauza guztiak ez daude guretzako egokituta. Leku askotan oraindik asko falta da egiteko. Hala ere, beti saiatzen naiz laguntza eskatu beharrik gabe moldatzen. Bakarrik atera dadila, besteen aldetik.

Ikasterako orduan ere, ezbehar handia izango zen.

Egia esan, bai. Inoiz ez naiz ikasle sutsua edo gogotsua izan. Eta beraz, egoera honen ondorioz, zerbait ikastera behartuta aurkitu nintzen. Istripurik izan ez banu, argi daukat ez nuela administrazio zikloa egingo. Ez dago jakiterik zer egingo nukeen. Edozein ikasketa egiten duzula, erosotasuna da bilatu behar duzun lehen gauza. Zalantzak izan nituen, eta azkenean administrazio zikloa egitea erabaki nuen.

Istripuak eragina izan zuen, beraz.

Adin txarrean gertatu zitzaidan, oraindik oso gazte nintzela. Hala ere, psikologikoki ez zen horren kolpe handia izan, jada aulkian ibiltzen zen jende ugari ezagutzen nuelako lehendik, eta beraz, euren esperientziak ere ezagutzen nituelako. Ez zitzaidan oso gogorra egin. Ezinbestekoa da errealitate bat gehiago dela lehenbailehen onartzea, bestela, ez duzu aurrera egiten.

«Ezinbestekoa da errealitate bat gehiago dela lehenbailehen onartzea, bestela, ezin duzu aurrera egin»

Zer dela eta aukeratu zenuen administrazio eta finantza zikloa?

Informatika zikloarekin eta administrazio zikloarekin izan nuen zalantza gehien. Garai hartan, informatika zikloak lan merkaturako irteerarik ez zuela ikusi nuen, eta horregatik erabaki nuen administrazio zikloa egitea. Bestetik, erosotasunagatik etorri nintzen hona. Tratua, gainera, beti izan da oso ona; oso babestua sentitu izan naiz beti. Ikastetxeak egoera ezberdinetara egokitzen jakin du, eta arazoak izan ditugunok, beti izan dugu laguntza.

Zer da ziklo horretan egiten zenuena?

Enpresa batean sartu eta gero, zein prozesu aurrera eraman behar genituen erabakitzen genuen. Proiektu ezberdinak egitea oso gustuko nuen, gainera.

Soldadura ikastaroan ere aritu zara orain.

Bi hilabeteko ikastaroa izan zen, urtarriletik martxora. Goi mailako zikloa amaitu berritan, altzairu herdoilgaitzarekin lan egiten duen enpresa batean hasi nintzen lanean. Betidanik gustuko izan dut soldatzea, eta lankideak zeregin horretan ikusten nituen. Haurra nintzela ere eskulanetan aritzen nintzen, tarteka. Kapritxoa nuenez, ikastaroan izena ematea erabaki nuen, praktikatzeko aukera aproposa iruditu zitzaidalako.

«Gaitasuna izanez gero, gurpildun aulkian dagoen edonork egin dezake lan gustuko duen postu batean»

Eta zure egoeraz jakitun, posible ikusten duzu etorkizunean horretan lanean aritzea?

Bai, noski. Agian, oso nekagarria izan daiteke zortzi orduz aulkian eserita eta soldatzen aritzea. Gogorra da, eta postura aldetik ere deserosoa; gu, gainera, mugatuta gaude alde horretatik. Hala ere, aukera bat egon daitekeela iruditzen zait. Administrazioan lan egitea erosoagoa da, baina soldaduran aritzea, ordenagailu aurrean egotea baino erakargarriagoa da niretzat. Ezberdina da eta eginkizun bat baino gehiago izaten duzu. Aulkian geratu nintzenean, soldadura ikastaroa egin nezakeela jakin izango banu, bi aldiz pentsatuko nuke zein ziklo egin. Izan ere, soldadurarena oso entretenigarria da.

Duela pare bat urte, orain erabiltzen dudan aulkia erosi nuen Valentziako enpresa batean. Aulki mota ezberdinak edota bizikletak muntatzen dituzte. Nik aurreiritzia nuen bertako langileak mugikortasun arazorik ez zuten langileak izango zirela. Bada, ia denek zuten ezbeharren bat, baita soldatzen ari zirenek ere. Hortaz, argi dago aukera bat badagoela. Ea eskualdean halako lantegirik sortzerik dugun; beharra behintzat badugu.

Hortaz, zure egoera berean dagoen edozein ikaslek egin dezake Lanbide Heziketako ziklo bat?

Bai, eta edonork egin dezake lan gustuko duen postu batean. Gaitasuna badu, zergatik ezin du ikasle horrek lanpostu bat bete? Pieza handiak mugitzeko, akaso, laguntza beharko genuke, baina egoerara egokitzen jakin behar da. Hori da gakoa. Beraz, gurpildun aulkian dauden ikasleek ere badute aukera; denok eskubide bera dugulako. Eta ez soldaduran bakarrik, industrializazio arloko edozein ziklotan baizik. Ausartzea da kontua. Askotan ez gara kontziente aukerak badaudela, eta erosotasuna handia dela. Institutuan egon nintzenean, nire egoerara moldatu behar izan zuten moldatu beharrekoa, baina horregatik, uneoro izan nuen babes handia. Oso gustura sentitu nintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!