Bidania-Goiatzen udalekuetarako begiraleak behar dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 1a, 18:56

Bidania-Goiazko Udalak udalekuak antolatuko ditu uztailaren 5etik 30era, eta begiraleak behar dituzte. Interesatuek izena udaletxean eman beharko dute hilaren 18a baino lehen. Begiraleez gain, udalekuetara joan nahi duten haurrek ere izena eman beharko dute.

Bidania-Goiazko Udalak uztailean udalekuak antolatzea erabaki du, eta begirale bila dabil. Udalekuak uztailaren 5etik 30 arte izango dira, eta 10:00etatik 13:00etara. Egutegia egungo osasun egoera dela eta, aldatu daitekeela aurreratu dute. Udako ekimenean 3 urtetik hasi eta 14 urte arteko gazteek eman dezakete izena. 

Begirale lanak egin nahi dituztenek izena udaletxeko idazkaritzan eman beharko dute, eta hilaren 18a, ostirala, izango da azken eguna.

Begirale izateko nahitaezkoa izango da 18 urteak beteta izatea. Horrez gain, euskara egoki menperatzea baloratuko dute, hau da, PL 2a gutxienez izatea. Eta horrela ez bada burutuko zaion elkarrizketan frogatu beharko du menperatze maila. 

Herriaren ezagutza izatea ere baloratuko dute, eta baita begirale ikasketak edota hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea ere. Azkenik, eskarmentua hartuko dute kontuan.

Haurren izen ematea

Bidania-Goiazko Udalak herriko haurrei zuzendutako Uda 2021 izenean ekimenak martxan jartzeko asmoa agertu du, beti ere, gaur egungo osasun egoera eta baldintzak kontuan hartuta, eta bideragarria bada. Herriko ume eta gaztetxoek lagun giroan ondo pasatzea dute helburu, eta bide batez, oporraldiko kutsuan, gauza berriak egiten ikastea.

Hiru urtetik has eta 14 urte bitarteko haurrek eman dezakete izena, eta 10:00etatik 13:00etara elkartuko dira. Haur bakoitzeko 60 euro ordaindu beharko du familia bakoitzak, eta familia ugarien kasuan, hirugarren haurrak 40 euroko kuota ordainduko luke.

Haurrak udalekuetan apuntatu nahi dituztenek ere hilaren 18a izango dute udaletxean apuntatzeko azken eguna. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!