Gorabehera handiko arratsaldea izan zen. Eta Erik Jakaren ezusteko egoerak gorputzaldi txarra utzi zigun. Finala jokatu behar zutenek ere, ustekabean hartuko zutela pentsatzen dut jada beroketak utzi, eta pilotalekura atera behar zutela esan zietenean. Hala ere, gorputzak ondo berotuta atera zirela esango nuke, eta urdinen partetik hasiera oso ona egin zutela esatera ausartzen naiz.
Gorputzaldiak beste buelta bat eman zidan, urdinak ikusi nituenean zein jokorekin hasi ziren. Partida ona izateko aukera zegoela ikusi nuen. Jon Ander Peña oso ondo ikusi nuen. Izugarrizko sarrera egin zuen bere lehen finalean. Gehiago ez dago eskatzerik. Ausart, arriskatzen, eta hori zen egin beharrekoa. Eutsi, eutsi, eutsi, ez; jokatu eta tantoa bukatu egin beharra zegoen. Finaleko partida izateko oso ondo ikusi nuen. Albisuri laguntzen ere saiatu zen tanto batzuetan, eta nahaspila izan ziren tanto guztietan, finalean, gorrien alde erori ziren.
Gorabeherak izan ziren, Zabaleta nahiko zalantzekin ikusten zen hasieran, eta 3-6koan beste tanto pare batez estutu izan balituzte, hor gertatu zitekeen partida estutzea, baina gorputzaldiari buelta ematen hasi zen Zabaleta. Eta Zabaleta txisparekin ikusten hasi zenean, iruditzen zait Albisu kikildu egin zela segituan. Oso ondo ari zen. Izugarrizko pilotakadak eman eta menderatzen, eta bat-batean, Jose egurrean hasi zenean, uste dut azkena jokatutako partida etorri zitzaiola burura.
Kanpotik gauzak erraz ikusten dira, eta balitz dun galdera asko, baina partidan egon behar izaten da. Frontoian dagoen pilotariari menderatua denean burura gauza asko etortzen zaizkio, eta bakarrik dago eta guztia asimilatu behar du. Oso zaila da, eta asimilazio hori ez zuten guk nahi genuen moduan eraman. Beste gauza bat da, saiatu zirela asimilatzen eta buelta ematen. Kirola horrela da.
Honelako partidetan eta Zabaletak horrela jokatzen duenean eusten saiatzea baino ez da geratzen, eta ea akatsen bat egiten duen, pilota aldatu eta jokoa aldatzen saiatzeko. Beste alternatibarik ez dago Zabaletak horrela jokatzen duenean. Eta Zabaletak ondo jokatu bazuen ere, ezin da ahaztu Danel Elezkanok egin zuen jokoa. Zabaleta gora eta Zabaleta behera, baina Elezkanok egin behar zuena egin behar zenean egin zuen, eta atzelariari transmititu behar ziona transmititu zion. Urdinei ez zien aukerarik eman partidan sartzeko.
Nahiz eta gazte jende pila bat dabilen azken urteetan Aurrera-Tolosako taldean, Tolosa herriak aspaldian bizitu gabeko giroa bizitzeko aukera izan zuen. Peñak eman dio horri bultzada. Eta jada hemen da banakakoa, eta urtero izaten da ezustekoa ematen duen pilotaririk. Ez dakit asmatuko dudan, baina espero dut eta izugarrizko esperantzak jarrita ditut. Aurtengo ezustekoa Jon Ander Peña izango da.