Ur zikinen sareko lanekin hasita daude Bidania-Goiatzen

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 28a, 11:58

Urtetan eskatutako proiektua hasi dira egiten, eta lanek hamaika hilabete irautea aurreikusi dute; ur zikinen bilketa, bideratzea eta hondakin uren araztegia egingo dira.

Bidania-Goiatzen ur zikinen bilketa, bideratzea eta hondakin uren araztegiaren obrekin hasi dira. Udalak jakitera eman duenez urte askotan egindako eskaera da egiten hasi direna, eta proiektua azkenean gauzatua izango da.

Guztira 2.250.000 euroko aurrekontua izango du proiektu guztia egiteak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduraduna. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bidez egingo dira lan guztiak.

Egunen batean lan hauek egin ahal izateko, 1985. urtetik Bidania-Goiazko Udala urtero-urtero azpiegitura kanona ordaintzen egon dela adierazi du udalak. «Azken hamar urteetan 155.000 euro inguru ordaindu ditu, eta urtero batez besteko antzekoa izan denez, gutxi gorabehera guztira 550.000 euro bideratu ditu udalak Gipuzkoako Ur Kontsortziora», argitu dute.

Proiektuari dagokionean, ur hodi sare bat egingo da Bidania eta Goiazko biztanle guneetako isuri nagusiak bildu ahal izateko. Hondakin Uren Araztegiraino eramango dira ur zikin horiek, eta nola ez, araztegiaren eraikuntza ere proiektu honen barruan aurreikusita dago.

Ur hodi nagusia 1.314 metro luzekoa izango da, Goiaztik Bidaniraino, eta bigarren mailako zazpi adar ere diseinatu dituzte, 1.045 metro luze direnak.

Hondakin Uren Araztegia Bidania errekaren ezkerraldean kokatuko da, eta bertara isuriko da hango efluentea, arazketa prozesua bukatu ondoren.

PAZIENTZIA HERRITARREI

Hilabete honetan hasi dira lanekin, baina luze joko duten obrak izango dira. Hamaika hilabeteko iraupena izatea dute aurreikusita. Ur zikinen sareko obretan Hondakin Uren Araztegia joango den lekutik hasi dira, hau da, industriagunearen azpiko zonaldetik. Herrigunerako bidea egiten ari dira, eta berehala herrigunera iritsiko dira.

«Horrelako obra luze eta handiek herritarron egunerokotasuna aldatu dezakete. Horregatik, herritarrei pazientzia eta ulermena eskatzen dizuegu», adierazi dute udaletik. Baina, ordainetan gaineratu dute: «Lanak bukatzean garbiago izango ditugu herriko errekak. Ur zikinak kanalizatu, tratamendu egokia jaso eta ur garbiak itzuliko direlako naturara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!