Adinekoak hizketan jartzea dute helburu

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 9a, 19:59

Bidania-Goiazko Eguneko Zentroan, maiatzera bitarte, Ixabel Agirresaroberen bisita izango dute, hamabostean behin

COVID-19a dela eta, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Eguneko Zentroan martxan zituen ekimen asko bertan behera utzi behar izan ditu. «Jendea eta haurrak sartzeko arauak aldatu behar izan ditugulako», azaldu du Elena Rikondo gizarte langileak. «Ekintza ezberdinak egitera ohituta daude erabiltzaileak, eta baita jendea sartu eta atera ibiltzera ere», esan du.

Hutsune hori guztiek asko sumatzen zutela konturatuta zeuden, eta egoerari itzuli bat eman nahian zer eta nola egin pentsatzen hasi ziren. Ekimen berrian, historia zaharrak gogoratu, kontatu eta partekatzea izango da egitekoa; memoria eta ahozkotasuna landuz, baina umoretik.

Hortik sortu da ideia. Pertsona bakar batek egiteko modukoa behar zuen izan, eta gauza gutxirekin moldatzea zen gakoa. Era berean, erabiltzaileekin konektatzea: «Konexioa hainbeste gustatzen zaizkien historia zaharrekin egingo da», argitu du Rikondok. Helburu nagusien artean dute adinekoak hizketan jartzearena, eta lan hori Ixabel Agirresarobek egingo du.

Hamabostean behin gerturatuko da Bidania-Goiazko Adinekoen Zentrora. Ordubete edo ordu eta laurdeneko saioak izango dira, eta ostegunetan elkartuko dira historia zaharren bueltan murgilduz. Maiatzera bitarte luzatuko da ekimena, eta hilean bi goiz hartuko dituzte horretarako. Agirresarobek dinamizatuko du, eta egun bakoitza sorpresa izango dela esan du, «adinekoak ez dira ikusle soilak izango».

UMOREA TARTEKO

«Ixabelek jasota dauzka herri txikietako hainbat istorio, antzeztu ditu, eta berak ekarriko ditu hona», azaldu du Rikondok. Adinekoak gertu izango ditu Agirresarobek, eta loturak egingo ditu inguruko herriekin: «Honelako gertakizun bat izango duzue herrian, eta ikusten badu adinekoak hizketan hasten direla, hortik tiraka jarraituko du», dio gizarte langileak. Hau da, helburua ez dela bakarrizketak egitea azpimarratu du.

Helburua, adinekoek dituzten istorio zaharrekin loturak egitea izango dute. Horrekin, oroimena landuko dute, eta baita atentzioa jartzea ere. Umorea tartekatu dute, eta horri garrantzia handia ematen diote Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean: «Umorea tresna zoragarria baita poztasunerako».

Pasa den ostegunean izan zuten lehen saioa. Eguneko Zentroko erabiltzaileek Agirresarobe ezagutzeaz gain, istorio berriekin hasi ziren, eta hitz egin nahi zuenak, hitz egiteko aukera izan zuen. «Batek historia bat kontatu eta besteak jarraitzen zuen», esan du Rikondok. «Hasieran adi-adi egon ziren, eta gero batzuk jada hasi ziren galdetzen-eta».

«Orokorrean gustuko gaia dute, eta beraien burua eroso dauden sekuentziara edo irudietara eramaten dute», dio. «Gainera, oraingo egoeran inoiz baino gehiago eskertzen dituzte honelako ekimenak», gaineratu du gizarte langileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!