Gazteentzat etxebizitzak egiteko proiektua martxan jarri dute

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 4a, 11:58

Bidania-Goiazko Udalak 688.489,97 euroko aurrekontua onartu du; zintzilik zuten gaiari heldu, eta gazteentzat etxebizitzak egin nahi dituzte herriaren etorkizuna ziurtatzeko.

688.489,97 euroko aurrekontua onartu du Bidania-Goiazko Udalak. Iazkoa baino aurrekontu txikiagoa dute, besteak beste, foru funtsetik jaso beharreko diruak izan duen jaitsiera tarteko. Hala ere, proiektu ezberdinak esku artean dituzte. Gazteentzat etxebizitzak egitea dute helburu; azken urte luzeetako erronka da Bidania-Goiatzen.

Ohiko gastuak tarteko, aurrekontu guztitik, 75.834,77 euro geratzen zaizkie 2021ean egin beharreko inbertsioetarako.

Iaz, udaletxea berritzeko lehen fasea gauzatu zuten. Beharrezkoak ziren lanak egin zituzten, batez ere, irisgarritasuna hobetzeko. Hasiera batean bigarren fasea egitea zuten buruan, baina hobeto ikusi dute urteetako gabeziari erantzuna ematen hastea: «Urte askoan gai bera dugu arrastaka, eta hori etxebizitzen gaia da», esan du Agurtzane Zelaia alkateak. «Hemen azken etxebizitzak egin zirela urte dezente pasa dira, etxe haiei esker herriko familia asko bizi dira bertan, eta horri esker eskola bat dugu herrian», azaldu du. Gazteak galdezka aspaldi hasi zirela aitortu du, eta orain herrian geratzeko aukerarik gabe daudela: «Horrek esan nahi du Azpeitira edo Tolosara doazela herriko gazteak, eta herriko bizitza galtzera doa. Horri heltzeko garaia dela ikusi dugu».

Aukeratu duten eremua ez da errazena, baina bai egokiena udalaren ustez. Pilotalekuaren parean eta herriaren erdi-erdian dagoen lur zatia da. «Etxebizitza huts bat, eta pare bat zati botata dituen eraikina dago bertan, lur sail batekin batera, eta kokapena ona da», dio. Lur jabeekin lehen saiakera aurreko agintaldian egin zuen udalak: «Hor dugun arazoetako bat da jabetza askoko eremua dela, eta lehen kontaktua egin genuen jabeekin, baina ez ginen ausartu duen zailtasunagatik», azaldu du Zelaiak. Sei edo zazpi dira lur jabeak, eta udalak zati txiki bat baino ez du. «Udalak oso ehuneko txikia du, zaila ikusten genuen eta asko garestitu zitekeela uste genuen». Beste aukera batzuk ere aztertu dituzte, eta «errazagoak» liratekeenak udalarentzat, baina «leku estrategikoa izateagatik horri tiraka hasi gara berriro ere; zaila da, baina lanketarekin hasi gara eta horretan ari gara».

Iaz hasi ziren dagoeneko lehen kontsultak eginez, eta bidean argia ikusten da. «Inbertsioetarako dugun dirua horretarako izango litzateke», dio. Kalegoena eremua da etxebizitzak egingo liratekeena, «58.584,77 euro lurrak erosteko erabiliko ditugu, eta geratzen dena, ez da nahikoa izango, baina eremua ordenatzeko plan berezia egiteko izango da». Ziur finantziazioren bat eskatu beharko dugula, baina hasteko badugu».

Duela urte batzuk egindako lanetik gaur egin dutenera asko aldatu da egoera, eta asko aurreratu dutela argitu du: «Lehen denean arazoak ikusten genituen».

Itxaropentsu agertu da Zelaia, eta lur sailen jabeak diren gehiengoarekin harreman ona izaten ari direla azpimarratu du. «Itxura ona du, eta falta zaigun dirua nonbaitetik lortzen ahalegindu beharko dugu. Ateak jotzen jarraitu beharko dugu».

Nahiz eta zirriborro batzuk eginak dituzten, oraindik goiz dela etxebizitzez hitz egiteko adierazi du Zelaiak. «Aukera ezberdinak daude, zati bat egin eta aurrerago beste bat, baina oraindik horrekin lanean ari gara». Epeez hitz egitea, ez dela erraza dio; «baina nahikoa aurreratuta dago, eta maiatzerako jabeekin akordiora heltzea eta ixtea gustatuko litzaiguke». Gero etorriko lirateke herritarrei egin beharreko aurkezpenak.

ARAZTEGIA

Proiektuen artean, «historikotzat» jo duen bat hastekotan dira: araztegia. «Astelehenean bertan elkartu ginen foru aldundiko ordezkariekin, eta ematen duenez, martxo hasieran hasiko dira obrekin». Ur kontsortzioaren lanak dira, eta saneamendu proiektuarekin Goiaztik hasiko dira. «Dagoeneko ez dakit zenbat urte daramatzagun kanon berezi hori ordaintzen, eta hori da araztegia egiteko baliatuko dena», azaldu du. Ur zikinak bilduko ditu araztegiak, garbitu eta errekara bideratuko dira gero urak. Hoditeria guztia jarri beharko dute, eta pazientzia izan beharko dutela herritarrek esan du alkateak. «Urteetan ordaintzen egon gara eta garaia zen egiteko, eta iritsi da».

ONTZI FABRIKA

Iaz hasi ziren herriko historiaren zati bat biltzeko proiektuarekin, eta aurten emango diote jarraipena. Bidania-Goiatzen izan zen ontzi fabrika garrantzitsua hartu dute oinarrian lanketa egiteko. Ikus-entzunezko bat osatzea dute helburu: «Dagoeneko grabazio batzuk eginak badaude, eta zerbait grafikoa ere izango da liburuan». Bertan lan eginiko jendea elkarrizketatu dute, hasierako fasean lan egin zuenetako bakarra dago bizirik, eta bere testigantzak jaso dituzte. 1969an itxi zen enpresa. «Historia handia duen ingurua dago hor. Frankoren garaia pasa zuten, azken urteetan ez hainbeste, baina nahikoa maila handiko zeramika omen zen eta emakume askok egin zuten lan bertan», dio. «Elkarrizketa oso interesgarriak atera dira».

Ekaina alderako bukatzea aurreikusten dute, eta lan guztia burutzeko gidari lanak Edurne Agirrezabala historialaria ari da egiten. «Zeramika fabrika honi buruzko tesia egina du, eta horregatik jarri ginen berarekin harremanetan».

KULTURA ETA DIRU LAGUNTZAK

Urteko lan ildo nagusia etxebizitzena izango badute ere, urterokoak diren egitasmoak ez dituzte ahaztu. Kultura eta festak, esaterako, kontuan hartu dituzte, eta nahiz eta egoerak ahalbidetuko duen ez jakin, aurreko urteetan egin moduan diru partida gorde dute. «Urtero ematen ditugun diru laguntzak ere bere horretan mantendu ditugu», esan du.

GIZARTE ZERBITZUAK

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea bada Bidania-Goiatzen beste erronketako bat, eta gizarte zerbitzuetarako igo egin behar izan dute urteroko partida; «oraindik urtea bukatzerako ere ziurrenik handitu beharko dugu» gaineratu du.

Foru funtsa jaitsi zaiela jarri nahi izan du mahai gainean: «Herri txikiontzat asko da». Bidania-Goiatzen kasuan 20.000 euro gutxiago izango dituzte.

Diru laguntzarik ez dutela momentuz argitu du, baina ateak jotzen ahaleginduko dira: «Etxebizitzen arazoa uste dut Gipuzkoan herri txiki askok dutela. Eta herri txikiak bizirik mantendu nahi baditugu, beste bide batzuk egon beharko lukete, hori baita herri txikien bizitza bermatzen duena».

 

ZENBAKITAN

Gastuak                                    Euroak

Pertsonal gastuak                                211.250

Ondasun arrunta eta zerbitzuak      250.394,70

Finantza gastuak                                 160,87

Transferentzia arruntak                    128.202,01

Inbertsio errealak                               75.834,77

Pasibo finantzieroak                           22.647,62

Gastuen zenbatekoa:                     688.489,97

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!