Finala jokatzeko aukera galdu du Miren Larrartek

Ataria 2021eko urtarrilaren 19a

Bidaniarrak eta Gentzane Aldayk 8-22 galdu dute Garai eta Ruiz de Larramendi bikotearen aurka Bizkaia Torneoan.

III. Bizkaia Torneoko lehen partida jokatu zuten ostiralean Miren Larrarte bidaniarrak eta bere bikotekide Gentzane Aldayk. Aurkari Garai eta Maite Ruiz de Larramendi zituzten. Torneoko bigarren jardunaldia zen eta aurkariak lehen jardunaldian irabaztetik zetozen. Beraz, Larrartek eta Aldayk derrigorrez irabazi beharra zuten, finalera igarotzeko aukerak izateko, baina 8-22 galdu zuten partida. Hori horrela, A taldetik Garai-Ruiz de Larramendi bikoteak jokatuko du finala.

Larrarte ez zen egon berezkoa duen mailan Bizkaia frontoian jokatutako norgehiagokan. Agian azkenaldian partidak ez jokatzeak eragin du bere errendimenduan. Larrartek zein Aldayk ezin izan zioten aurre egin aurkariek erakutsitako joko erauntsiari.

B taldeko partidan, Aldaregiak (Iera Agirre ordezkatu du) eta Bergarak 9-22 galdu dute Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoaren aurka. Azken hauek lehen garaipena lortu dute eta hirugarren jardunaldiaren zain geratu dira ikusteko finalean sartzen ote diren. Ruiz de Larramendik pilotakada onenak eman ditu eta berak menperatu du partida. B taldean hiru bikoteek dute aukera finalera pasatzeko. Hurrengo jardunaldian Arrizabalaga-Agirre eta Agirre-Bergarak jokatu ondotik jakingo da nor pasako den finalera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!