Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

Txalogarria

Miren Larrarte 2020ko aza. 30a, 07:58

Lagun minak, baina oraingoan elkarri lepoan hozka egitea tokatu zitzaien. Bi gipuzkoar buruz buruko final handian, benetan datu pozgarria.

Aspaldi zen bi gipuzkoarrek final handian parte hartzen ez zutela, 1955etik hain zuzen ere. Argi dago azken urte hauetan Gipuzkoan kasta badela! Baina, egoerak bultzatuta, ez da hain pozgarria ordea bi pilotari hauen jarraitzaileek eta gainerako pilotazale guztiok partida pantaila baten atzetik ikusi behar izana. Hala ere, amezketarren eta lizartzarren animo faltarik ez zuten izan bi protagonistek, frontoitik urrun xamar izanagatik ere.

Partida aurretik pilotazaleon artean finalista bakoitzaren indargune bat nabarmentzen zen bereziki, Altunaren esperientzia eta sendotasuna alde batetik, eta Jakaren joko bizi eta sake zitala bestetik. Lizartzarraren lehen finala izanik hasiera urduria espero zen, baina denak aho bete hortz utzi gintuen partidari eman zion hasiera ausart horrekin. Altuna ezinean ikusi genuen, zeharo lotuta, faboritoa izatearen presioa izango ote? Baliteke. Eriken intentzioa oso garbi ikusi zen hasieratik, aukera zuen guztietan tantoa bukatzea, eta hainbesteko determinazioa duenean pilotari batek zaila izaten da aurkariak bere jokoa egin ahal izatea.

Partida aurrera zihoan heinean Altunak gainean zuen bizkar-zorroa handitzen joan zitzaion, baina taktika aldatu eta atzean erasotzea erabaki zuenean asmatu zuela zirudien. Tarte garrantzitsu bat gutxitzea lortu zuenean ordea ohikoa dena baino opari gehiago egin zituen eta garesti ordaindu zituen.

Azken zatian, sakea lizartzarraren esku zegoenean, partida eskuan zuela zirudien, baina oso ohikoa izaten da 21. tantoa lortu eta 22.a lortzeko presioa sentitu eta erabat beldurtzea.

Amezketarra ez da burua jaisten duen horietakoa, eta Jakaren txakalaldia aprobetxatuz, sakearen bitartez 20ra iristea lortu zuen. Jokinen pilotakada txar baten ostean, ordea, Erikek ederki aprobetxatu zuen txapela emango zion bolea bikaina.

Denok ere badakigu pilotari guztiok joko bolada hobeak eta kaxkarragoak ditugula, baita pilotari erregularrenek ere. Atzoko egunean finalera Jaka Altuna baino joko freskoagoarekin iristea suertatu zen, eta freskotasun horrek eman ditu bere fruituak.

Benetan goraipatzekoa Jakaren aurtengo txapelketa. Pilotari asko ez dira gai lesio batetik irten berri direnean buruz burukoa jokatu eta halako intentsitateko partidak jokatzeko, eta gainera, Altuna handi baten aurka txapela eskuratzeko. Txalogarria.

Goraipatzekoa ere Altunaren aurtengo buruz buruko txapelketa, nahiz eta finalean ez dugun Altunaren benetako jokoa ikusi. Hala ere, denok dakigu nahiz eta aurten ez izan, Jokinek buruz buruko txapela berriro ere eskuratuko duela, ez daukat zalantzarik. Altxa burua Jokin! Eta zorionak Jaka! Benetan merezitako txapela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!