Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezilgo udalek osatzen duten Saiaz mankomunitateko Emakumeen Foroa martxan da berriro. Urte amaiera bitarte hilean saio bana egingo dute Bidania-Goiazko udaletxean. Hain justu, urriaren 5ean, azaroaren 9an eta abenduaren 14an izango dira saioak, 19:00etatik 20:30era bitarte, eta emakumeen ahalduntze prozesua lantzeaz ariko dira.
Adin desberdineko emakumeen elkargune den foroari ekiteko «gogoz» daudela azaldu dute mankomunitatetik. Hori bai, egungo egoerak behartuta, maskararen derrigortasunaz ohartarazi dute, eta segurtasun distantzia mantenduko dela esan dute.
Gogoratu dutenez, 2005. urtetik ari da Saiaz Gizarte Zerbitzuen mankomunitatea gizon eta emakumeen arteko berdintasun politikak lantzen. Emakumeen ahalduntzearekin batera, hezkidetza, zaintza eta indarkeria matxista jorratu dituzte. 2018. urtean lehenengo berdintasun planaren ebaluazioak Bigarren Berdintasun Plana martxan jartzea eraman zituen. 2019ko urrian sortu zuten Emakumeen Foroa, eta aurtengo martxoan eten beharra izan zuten, osasun krisia medio. Planaren gauzatzea eta aurkezpena ere atzeratu egin beharra izan zuten.
Bada, etenaldiaren ostean, ekainean jarri zuten berriro martxan foroa, eta datozen hilabeteetarako ere hilean behin elkartzeko egin dute hitzordua.