Bidaniako ontzi fabrikaren inguruko informazioa bildu nahi dute

Ataria 2020ko irailaren 17a

Argazkia: Bidania-Goiazko Udala

1933. urtean eraiki zen, eta herritar askori lana eman zion portzelanazko ontzi fabrikaren inguruko proiektua lantzen hasi da Bidania-Goiazko Udala.

Bidania-Goiazko Udalak proiektu berri bat jarri du martxan. 1933. urtean Bidanian portzelanazko ontzi fabrika eraiki zen, eta herritar askok bertan egin zuten lan. Horren gaineko historia bildu nahi dute orain. Duela bost urte herriko hamalau adinekorekin egin zuten Iraganari hautsa kenduz dokumentala, eta izan zuen "harrera ona" ikusita, herriko beste historia zati bat landu eta plazaratzeari ekin dio udalak.

Portzelanazko ontzi fabrikaren inguruko proiektua lantzen hasi dira dagoeneko. Proiektu hau, herritar ezberdinekin landuko da, eta Historian graduatua den batek koordinatuko du. "Portzelanazko ontzi fabrikan lan egin bazenuen, zure familiakoren batek egin bazuen, bertako historiaren berri baldin badakizu edo bertako materialik baldin baduzue, udalarekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke", adierazi dute udaletik.

Ahalik eta lanik "osoena eta erakargarriena" izatea nahi dute, eta horretarako "herritarren laguntza" izatea nahi dute. Portzelanazko ontzi fabrikarekin lotutako berriren bat izanez gero, Bidania-Goiazko Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu dute: 943 68 11 09 telefono zenbakira deituta edo udala@bidania-goiatz.eus helbide elektronikora idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!