Udaletxeak urteetan zuen beharra konpondu dute obrekin

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 16a, 07:57

Bidania-Goiazko udal eraikinak uztailetik hiru pisuetara igotzeko igogailua du; 325.000 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Bidania-Goiazko udaletxeak berritu handia hartu du barrutik. Hiru pisuetarako baliagarria den igogailua jarri dute, eta hori zen udalarentzat garrantzitsuena, gizarte zerbitzuak hirugarren pisuan baitituzte. Horrez gain, sarrera egokitu dute, udaletxeko tabernari komun berriak egin dizkiote, eta eskailerak, gizarte zerbitzuen hirugarren pisuko bulegoak eta pleno aretoari ere ukitu bat eman diote. Urte askotako proiektua izan da igogailuarena, eta «beldurrak» albo batera utzi eta ekitea erabaki zuten.

Otsaila aldera hasitako obrak uztailean amaitu zituzten. «Obrak lehentxeago amaitu zituzten, baina igogailua erabilgarri uztaileko hauteskundeen aurreko egunetan jarri zen», argitu du Agurtzane Zelaia alkateak. Azken urteetan, igogailurik ez zegoelako eskolan bozkatu ohi zuten bidania-goiaztarrek, eta uztaileko hauteskundeetan udaletxean bozkatu zutela kontatu du. Horrela herritarrek udal berritua estreinatu ahal izan zuten.

324.862,39 euroko aurrekontua izan dute lanek. Esan moduan, aspaldiko proiektua zen aurten egin dutena, eta alkateak aurreratu duenez, «aurreko legegintzaldietan dirua aurrezten aritu gara proiektu hau egin ahal izateko». Hori horrela, udalak ez du mailegurik eskatu behar izan, eta 164.580,20 euro ordaindu du lan guzti horiek egiteko. Gainerakoa diru laguntza bidez ordaindu du. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Irisgarritasun laguntzaren bidez 50.282,19 euro lortu ditu udalak, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko Leader programatik 110.000 euroko diru laguntza jaso dute Bidania-Goiatzen.

Tabernak komunak bigarren pisuan zituenez, lehen pisuan egin dituzte berriak eta horrekin udalari sarrerako zati bat kendu zaio eta sarrera egokitu behar izan dute. «Lehengo atea mantendu dugu guztia lixatuz, baina orain beti irekita egongo da», argitu du Zelaiak. Era berean, eskailerak eta alboko frisoa ere berritu dituzte «eskailera batzuk ere berritu behar izan dira ustelduta zeudelako, eta erdiko baranda mantendu egin da margotuz», dio.

Igogailua hiru pisutarako izateak moldaketak egitea ekarri du udaleko bulego ezberdinetan; pleno aretoan, esaterako. «Zati handi bat kendu dio, atea berritu behar izan da, eta orain kristalezkoa jarri da». Gizarte zerbitzuetan ere bi bulegoak eta bilera gela berritu dituzte. Eta beheko pisura pasa dute basozainak zuen bulegoa.

Denen gustua egitea ez da erraza izaten, eta taldean ere izan dituzte erabakiak hartzen lanak, baina «gustura» geratu dira egindakoarekin.

Udal eraikinak oraindik baditu berritu gabeko guneak, eta leihoak ere zaharrak dituela ekarri du gogora Zelaiak, baina «hurrengo fase batean egin beharko dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!