Koronabirusa

Bertan behera utzi dituzte Andre Mari eta San Bartolome festak Bidania-Goiatzen

Ataria 2020ko abuztuaren 11

Bidania-Goiazko Udalak eta Jai Batzordeetako gazteek "batera eta elkarlanean" hartu dutela festak ez egiteko erabakia azaldu dute.

Aurtengo Goiazko Andre Mari festak eta Bidaniako San Bartolome festak ez egitea erabaki dute Bidania-Goiazko Udalak eta Jai Batzordeetako gazteek. "Batera eta elkarlanean" hartu dutela erabakia zehaztu dute.

Festak herritik eta herriarentzat egiten dituztela azpimarratu dute, eta hain zuzen ere, horregatik hartu dutela erabaki hori, eta ez dute inolako ekitaldirik antolatu: "Orain lehentasuna herritarren osasunak du".

"Arduraz eta erantzukizunez jokatzeko ordua da, eta guk horrela jokatu dugu", diote. "Izango direlako batera ospatzeko egun gehiago". Festa egun horietan ere arduraz jokatzeko eskatzen diete herritarrei.

Alkatearen hitzak

Agurtzane Zelaia Arandia alkateak ere mezua bidali die herritarrei. Hasteko, "eskerrak" eman dizkie herriko haur, gazte, heldu eta adinekoei "ezjakintasun egoera honetan izan duzuen pazientzia eta portaera arduratsuagatik".

Egoera ohiko batean dio, "urte osoko buruhausteak albo batera utzi, eta familia, lagun eta herritarrok elkarrekin gozatzeko tartea hartzen dugu egun horietan. Aurtengoa, ordea, desberdina izango da".

Orain arteko ardurari eutsiz, "ahal duzuen heinean zuen ingurukoekin goxatzera gonbidatzen zaituztet", esanez jarraitzen du.

Bukatzeko, mezu garbia: "Etorriko dira garai hobeagoak denok elkarrekin gure plazetan gozatzeko".

Horrez gain, Bidania-Goiazko Udalak oharra bertso eta guzti bidali die herritarrei:

Abuztua ta festa usaia
Bidani eta Goiatzen,
ta aurtengoa desberdina da
nahiz kosta zaigun onartzen.
Covid hemeretzi gaizto hori
bazter denetan hedatzen,
birusa bezain txiki gerala
hasi gera konturatzen.
Aurten ez dugu lanik izango
plazan tabladurik jartzen,
gazteek ere ez dute izango
beraien nikiak janzten.
Saia gaitezen oraingo hontan
goxo etxean ospatzen,
festak berriro izango dira
ta elkar zaindu gaitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!