Bidania eta Goiatz. Eta, euren arteko batuketaren emaitza, Bidania -Goiatz. 2014. urtetik da horrela, izan ere, 1964. urtean bi herriak elkartu zirenean, Bidegoian izena hartu zuen udalerriak. Ederki islatzen zuen herriaren ezaugarrietako bat, altuera, lurraldeko herrigunerik altuena duena baita.
Bidanitik Goiatzerako joan-etorria baliatu ahal du ibiltariak herria gertutik ezagutzeko. Autobus geltokitik abiatuta, pilotalekuaren atzetik igaro, eta familia bakarreko etxeen artean sorturiko kaletik joango da. Kalea amaitu egingo da, baina jarraitu daiteke Iriondo baserriaren aldamenetik igarotzen den bidetik.
Urrutian, Goiatz auzoa bistaratzen da. Bidexkak errepidera eramango du ibiltaria, eta handik malda txiki bat gaindituta, bi edo hiru minutuan iritsiko da Goiatzera. Bidaniaren herena da Goiatz biztanleen kopuruari eta azalerari dagokionean. Antzina zera esaten zuten bertan, eguzkia eta lainoa tartekatzen ziren egunetan Mari ikus zitekeela haria maskaltzen, Murumendi mendiko kobazulo baten sarreran. Kobazulo horretan, Itsasondoko apaiz batek meza ematen omen zuen zazpi urtetik behin. Bestalde, ohiturari jarraituz, maiatzean belar eta lore sortak eramaten zituzten San Joan baselizara, ondoren, baserri atarian erretzeko ekaitza zetorrenean.
Goiazko plazarako bidean, iturri berezia dago. 1914. urtekoa da, eta harriko idatziaren arabera, Labayenena da. Iturriari loturiko karteltxoak dioenaren arabera, debekatuta dago bertan garbiketa lanak egitea. Antza, agintariek 250 pezetako isuna jartzen zieten iturria horretarako erabiltzen zuten herritarrei. Beraz, bertako ura edatera mugatuko da ibiltaria.
BIDANIRA ITZULIA
Iturria bezain berezia da Goiazko plaza, pilotaleku, eta taberna eta guzti. Herrigunea nahikoa ikusi eta gero, Bidanirantz zuzenduko ditu pausoak. Goiatzera eraman duen bide bera erabiliko du horretarako, geltokira iritsi arte.
Ibilaldia zertxobait osatze aldera, Tolosarantz doan errepideko espaloitik jarraituko dugu. Herrigunea atzean utzi, eta zuzen luzera iritsiko da. Bada, espaloia bukatu arte jarraituko du ibilian, eta puntu horretan, eskuinera hartuko du, han zabaltzen den bidexkan aurrera eginez. Bidexka horren bitartez itzuli bat emango du, hainbat baserri zeharkatuz. Berriro ere, errepidera iritsi arte, ezkerrera hartuko du, Bidanira joateko.
Azpeitirako bidean bi aukera irekitzen diren puntura iritsiko da. Hau da, Urrakitik segi, edota Bidanitik barna Errezil igaroz. Bigarrena, eskuinekoa, aukeratuko du, eta plazara iritsiko da, harategiaren parean dagoen tabernatik eskuinerako bidea hartuz. San Bartolome eliza izango du parez pare.
Bidania-Goiatzek azken urteetan bisitarien kopurua igo izanaren errudunetako bat plazatik oso gertu dagoen Iriarte jauregia izan daiteke. XVII. mendeko eraikinean hotel eta jatetxe zerbitzua eskaintzen dute 2009. urteaz geroztik.
Gipuzkoako altuera handieneko herrigunea du Bidania-Goiatzek. Kokapenarengatik izan da, hain justu, garrantzitsua historian, Oria eta Urola bailarak batzen zituelako. Beizama, Errezil eta Aiarekin, Mendietako bost herrixkak izenez ezagutzen zen multzoa osatu zuen. Bost herrixka horiek Saiazeko Alkatetza Nagusiaren zati ziren, Aia, Laurgain, Urdaneta eta Albizturrekin.