Hogeita bi urte daramatza Arantxa Mayoz asteasuarrak Bidania-Goiatzen bizitzen, eta jada 19 urte pasa dira Lumagorri baserriko oilaskoak hazten hasi zenetik. Baserriko alaba da, eta txikitatik izan du baserriarekin lotura. Oilaskoekin egiten duen lana «gustukoa» du.
Noiz erabakitzen duzu oilaskoak jartzea?
Kanpoan lan egiten nuen, baina lehen umea izan nuenean etxean geratu nintzen. Nik etxetik kanpo lana egin nahi nuen, eta Lumagorrik ekoizle berriak behar zituela jakin genuen. Beraiekin harremanetan jarri ginen, eta lanean hasteko aukera eman ziguten.
Zergatik oilaskoak?
Niretzat lanpostu bat izateko aukera polita izan zitekeela ikusi nuen, nire hiru seme-alabak nirekin hazteko aukera izango nuelako. Askatasun handia ematen dit. Ordutegi librea dut, eta garrantzi handia ematen nion seme-alabak nirekin egoteari.
Hemeretzi urte atzera egin, eta gogoan duzu nolakoa izan zen hasiera?
Bai. Hutsetik hasi behar izan nuen. Behin hastea erabakita, kudeaketa batzuk egin behar izan genituen, eta baita obra handi batzuk ere. Obra eta belardiak homologatu behar izan genituen. Inbertsio handia izan zen, baina hala eta guztiz ere, ilusioz hasi nintzen. Hori guztia prestatzean, 2001eko irailean sartu nituen lehen oilaskoak.
Zer esan zizun inguruko jendeak?
Hiru industria-nabe egin behar izan nituen aldiko 4.000 oilasko sartzeko. Hasieran jendeak ia oilasko guzti horiek non saldu behar nituen galdetzen zidan. Nik lasai egoteko esaten nien, guztia lotuta neukalako.
Nolakoa izan zen hasiera?
Urduritasunarekin hasi nintzen. 4.000 txita ziren eta guztiak batera. Zalantza eta kezka askorekin, baina Lumagorri beti hor neukan laguntzeko. Deitu eta zalantzak argitzen zizkidaten, edo etorri egiten ziren. Baina segituan hartu nuen martxa, eta egia esan nahiko erraza izan da.
Hemeretzi urte horietan aldaketarik eman da zure lanean?
Ez, batere ez.
Nola hazten dituzu oilaskoak?
Ekoizpena guztiz naturala da. Txitak egun bateko biziarekin etortzen dira. Egunero egiten diet bisita, eta baita bi edo hiru aldiz ere. Atakak irekitzen dizkiet. Beti ere kontuan hartuta oilaskoaren adina. Lehen hiru asteetan esaterako babesean egoten dira. Gero ateak irekitzen hasten gara, eta kontuan hartzen dugu zer eguraldi egiten duen. Tenperaturaren arabera gutxiago edo gehiago irekitzen dizkiegu ateak. Guztiz aske bizi dira gure oilaskoak, beti ere beraien ongizatea zainduz. Ura izaten dute, eta jatekoa eman behar izaten diet. Eta oso garrantzitsua da beraien azpiak zaintzea. Beti lehorrak eta garbiak edukitzen dituzte; oso garrantzitsua da oilasko osasuntsu bat izateko.
Egun bateko txitak hartzen dituzula esan duzu. Delikatuak izango dira, ezta?
Bai, lehen egunetan tenperatura egoki batean edukitzea oso garrantzitsua da. Lehen hiru egunetan 28-30 gradu behar izaten dituzte. Urte garaiaren arabera ere bada. Eguzkitan oso gustura egoten dira, baina udan bero handia denean ere itzala behar izaten dute eta asko dute kanpoan. Haize handia bada, gutxiago agian, baina beraiek hartzen diote neurria. Nahi dutenean ateratzen dira kanpora eta nahi dutenean barruan daude. Askatasuna dute.
Zuen oilaskoen ezaugarrietako bat hori da, kanpoan ibiltzen direla.
Bai, aukera dute baserriko belardietan aske bizitzeko.
Belarra jaten dute.
Bai. Elikaduraren %40 zereala eta soja izaten dute, eta beste %60 artoa gehi belardietan jaten duten belarra. Hori dela eta, haragi urintsua eta zapore handiko oilaskoak sortzen ditugu. Beste bereizgarrietako bat da emeak direla, eta horrek xamurtasuna ematen dio haragiari. Genetikoki ere kalitate handiko oilaskoak dira.
Eta noiz egoten da oilaskoa jateko moduan?
Lumagorri baserriko oilaskoak hiruhileko behar ditu. Bere hazkuntza prozesua guztiz naturala da, eta mantsoa. Horren ondorioz kalitate handiko produktua sortzen dugu.
Zer da gehien baloratzen duzuna baserriko lanetik?
Naturak ematen dizun lasaitasuna eta askatasuna. Lan polita da, eta erraza; egunero jatekoa ematea eta beraien artean begiratzen ibiltzea.
4.000 oilasko sartzen dituzu aldiko.
Hiruhileko loteak ditugu, eta urtean hiru lote eta erdi hartzen ditugu. Oilasko guztiak batera ateratzen dira, eta gero hiru aste ditugu hustu, garbitu eta desinfektatzeko. Hurrengo lotea iristerako prest izaten dugu tokia berriz.
Hiru aste horietan atsedenerako tartea ere izango duzu.
Bai, gehienetan aste bat hartzen dut niretzako libre.
Lumagorri baserriko oilaskoak hazten dituzu. Familia bat zarete?
Duela 27 urte hamar baserritar elkartu ziren, eta merkatuan ez zegoen baserriko oilaskoa eskaintzea pentsatu zuten. Orduan sortu zuten Lumagorri. Harrez gero, gehitzen joan gara baserritarrak eta momentu honetan 40 bat gaude.
Komertzializazioaz zu arduratzen zara?
Nire ardura bakarra ekoiztea da. Lumagorrik ekartzen dizkigu txitak, eta beraiek esaten digute zein egunetan eramango dituzten. Lasaitasun handia ematen du horrek.