Koronabirusa

Bidania-Goiazko Udalak herritarrak gogoan, gastuak atzeratu ditu

Ataria 2020ko mai. 7a, 13:00

2020ko egutegi fiskalari dagozkion zergak kobratzeko epeak atzeratu ditu eta familia ugarientzako hobaria eskatzeko epea zabaldu.

Bidania-Goiazko Udalak bizi den krisialdi egoera kontuan hartu, eta 2020ko egutegi fiskalari dagozkion gastuak atzeratzea erabaki du.

2020ko lehen seihilekoari dagokion ura eta hondakinen zergak uztailaren 15etik abuztuaren 31 bitartean kobratuko ditu, eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, berriz, irailaren 1etik urriaren 31 bitartean. Ondasun higiezinen gaineko zerga, hau da, kontribuzioari dagokiona, abuztuaren 1etik irailaren 15a bitartean ordaindu beharko da. Era berean, udalak alokairuan dituen Kontzeju eta Dendale ostatuak eta udal etxebizitzen maizterrak, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, alokairua eta gastuak ordaintzetik salbuetsi ditu. Horrez gain, familia ugarientzako hobariaren eskaria egiteko aukera zabaldu du. 2020/10 Alkatetza Dekretuaren bidez eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantzan xedatzen da. Familia ugarientzako hobariaren eskariak udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, eta ekainaren 30a arteko epea izango dute familiek. Eskari eredu ofiziala erabili beharko da, eta udaleko webgunean lortu daiteke.

LAGUNTZA SAREA

Bukatzeko, Saiaz mankomunitateko gizarte zerbitzuetatik gogorarazi nahi izan dute adinekoei zein beharra dutenei laguntzeko laguntza sareak martxan jarraitzen duela. Zerbitzu horren zeregin nagusia erosketak etxera eramatea izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!