Whatsapp taldea, interes orokorreko mezuak idazteko

Ataria 2020ko martxoaren 5a

«Interes orokorra duen informazio, ohar, agenda eta emergentziak herritarrei modu zuzen eta azkarrean helaraztea» dela asmoa azaldu du Bidania-Goiazko Udalak. Herriko whatsapp taldea sortu dute, eta taldea herrian erroldatuta dagoen 18 urtetik gorako edozeinentzat da.

Taldean sartu ahal izateko, berriz, bakoitzak dokumentu bat bete behar du, eta udaletxean entregatu. Zenbakia sartzeko baimena emateaz gain, bertako puntuak onartu beharko ditu norbanako bakoitzak.

«Herritarrek ere idazteko ahalmena izango duzue, beti ere, interes orokorra duten mezuak idatziz: oharrak, elkarteen agendak, deialdiak, emergentziak, ...», azpimarratu dute udaletik. Era berean, lau puntu zehaztu dituzte: mezu guztiek Bidania-Goiazko eta herritarrentzako interes orokorra izan beharko dute; ez da eztabaida talde bat, mezuak ez dira erantzun edo eskertu beharko; errespetuz jardun beharko da beti, ezberdina errespetatuko duen herrigintzarako talde bat da; eta udaletxean egin beharreko eskaera edo kexa guztiak, orain arte bezala egin beharko dira, Whatsapp talde honek ez du betebehar legalik izango.

Jakinarazi dute etxez etxeko banaketa orain arte bezala mantenduko dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!