Babestutako edukia

Guztien eskura dagoen gutizia

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 21a, 09:55

«Tolosaldeko, Goierriko eta Urolako gutizia zaleentzako leku paregabea». Horrela deskribatzen du Iban Muñoak familiarekin batera Bidania-Goiazko Iriarte jauregian daukaten Bailara jatetxea.

2013tik ari dira lanean «jateko gustua» daukan edonorentzat. Hotel bat ere badaukate eraikin berean, toki lasai batean gaua igaro nahi dutenentzat.

Enrique Fleischmann sukaldari ezaguna dute proiektuan bidelagun. Bailarara iritsi aurretik, ibilbide luzea egin zuen mundu guztiko jatetxeetan barrena. Besteak beste, Karlos Argiñanorekin, Juan Mari Arzakekin eta Akelarre jatetxean lan egindakoa da. «Bailara jatetxea aurkezten zaion momentuan bera jada maila handiko sukaldari profesionala zen», azaldu du Muñoak. Iriarte jatetxea erakutsi ziotenean, bertan dena zeukala ikusi zuen: toki, etxe eta sukalde zoragarri bat, hau da, lan egiteko toki ezin hobea. «Oso gustu oneko proposamena egiten dugu: zaporea bilatzen duena, sinplea eta erraz ulertzen dena», ziurtatu du Muñoak. Horretarako, produktuan jartzen dute arreta: «Bertako produktuekin egiten dugu lan, bertako zaporeak aurkezten ditugu, eta beti azaltzen dira Fleischmannen bizipenen ukituak».



Garaian garaiko produktuekin osatzen dute menua, eta urte osoan eskaintzen dituzten platerak ere badauzkate. «Saltsa eta transformazio guztiak gure sukaldean egiten ditugu egunero», erantsi du Muñoak. Horrela, badakite zehazki zein produkturekin ari diren lanean. «Hori lan gehigarri bat da, baina eskertzen da jaten duzunean», azpimarratu du. Errezeta guztiak originalak dira, Enrique Fleischmannek egindakoak, beraz, dena da desberdina.

Bailara jatetxeak bazkari edo afari arrunt batetik harago doan zerbait ematen die bezeroei. Horretarako, produktuetan ez ezik, estetikan eta ingurunean ere jartzen du arreta: «Sukaldaritza horri kokapena gehitu behar zaio: lorategi izugarri bat, etxea… baita zerbitzua eta xehetasun guztien zaintza ere».

Jangela txikia daukate, eta horrek ematen die ahalmena xehetasun txikienari ere arreta jartzeko. «Aperitibo bereziak eskaintzen dira, eguneko irudimenaren arabera, eta kafearekin ere etxean egindako pastak ematen ditugu», azaldu du Muñoak. Gainera, bazkaldu eta afaldu ondoren ere jarraitzen du esperientziak: «Lorategira atera zaitezke edo bertako saletara joan kopa bat hartzera eta arratsaldean tertulia jarraitzera. Azkenean, plan orokor bat bihurtu daiteke bisita».

Gozatu nahi duten gutizia zale guztiek irekita dituzte Bailara jatetxeko ateak. «Lan egiten dugu ospakizun txiki edo handiak egin nahi dituztenentzat, gau berezi bat nahi duenarentzat edo gaur gaur delako bazkari edo afari bat egin nahi duenarentzat». Etorkizunera begira ere lan eta lan jarraitzeko asmoa daukate, inork ez duelako ezer oparitzen. «Mugarik gabeko proiektu bat da, eta irudimenari lekua eginez, ilusio berriekin jarraituko dugu». Muñoak argi dauka: Bailara jatetxeko esperientzia probatzen duenari gustatzen zaio, eta aurrerantzean ere gastronomia zaleentzat zerbait berria eskaintzen saiatuko dira. «Bisitatu nahi gaituzten guztientzat egiten dugu lan, eta zuretzat ere bai».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!