«Herri txiki batean denda edo taberna ixten bada, bizitza galdu egiten da»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 29a, 07:58

Bidania-Goiazko Gari Lasak urte berriarekin batera erronka berria du. Gurasoek duela 39 urte ireki zuten harategian lanean hasia da. 

Lan berrian hasi berri zara. Zer moduz hasierako egunak?
Urtearen hasieran hasi nintzen, eta egia esan aurreneko egunetan oso urduri. Pixkanaka ari naiz lasaitzen. Atzean bai, baina ez naiz inoiz aritu jendaurreko lanean, eta oso ezberdina da. 

Gurasoek ireki zuten denda. 
39 urte dira gurasoek ireki zutela harategia, eta beti ematen dizu pena ixteak. Herri txiki batean denda edo taberna ixten baldin bada, bizitza galdu egiten da, eta gainera familiako izan da, bada... Gogoa neukan jarraitzeko, eta probatu egingo dut behintzat.

Ibilbide luzea egin du. 
Bai. Harategi txiki batekin hasi ziren, eta geroago pixkanaka  handitzea erabaki zuten. Orain harategia dagoen tokian lehen ukuilua zegoen. Obra handiago bat egin zuten, eta harategiaz gain denda txiki bat jarri zuten. Denetarik pixka bat dagoen denda txiki horietako bat da.

Nolatan animatu zara erreleboa hartzera?
Hogeita bat urtez aritu naiz tailerrean, eta gustuko lana nuen, baina tailerrekoaz gain, harategian ere laguntzen aritzen nintzen. Gehiegi bezala zen, eta beti presaka batera eta bestera ibiltzen nintzen. Oraintxe dela garaia ikusi dut etxekoa probatzeko, eta gogo eta ilusio handiarekin aldaketa egitea pentsatu dut.

Harategiko lana ez da egun batetik bestera hastekoa. Txikitatik aritu zara?
Bai, animaliak zatitzen jakin beharra dago. Eskolarako gogo handiegirik ez nuen izan, eta gaztetatik hasi nintzen aitarekin. Hasieran lan errazak bakarrik egiten nituen, baina gero eta gehiagora joan nintzen, eta gustatu ere egiten zitzaidan. Eskola utzi eta harategian dezente jardun nintzen. Gainera, aitarekin hiltegi batera ere joaten nintzen animaliak zatitzera. Beti ezagutu dut lan hau.

Pena izango zen ixtea? 
Uste dut baietz. Neronek ere aurrenetik ez nuen oso garbi hartu edo ez hartu. Ordu asko dira eta sakrifizio handia egin behar da. Lan lotua da. Baina beste aldetik, herri txiki batean jaio eta bertan bizi garenok ikusten dugu, eskola, taberna edo denda ez badaude, azkenean, bizirik ez dago herrian. Horiei eusten saiatu beharra daukagu, eta aurrera egiten. 

Herritarrek badute ohiturarik erosketak herrian egiteko? 
Bai. Jendea etortzen da, eta baita inguruko herri txikietatik ere. Behin Tolosara edo Azpeitira joanda, ohituta gaude erosketa handia bertan egiten. Baina beti falta izaten da zerbait. 

Estimatzen dute  zuk erreleboa hartu izana? 
Bai. Batzuk esan didate gustura daudela irekita mantentzearekin. Beraientzat handia dela herrian honelako denda txiki bat edukitzea. Beti izaten da zerbaiten falta eta...

Bertako haragia saltzen duzue.  
Bai. Txahalak-eta guk gizentzen ditugu, eta etxeko haragiarekin aritzen gara, eta saiatzen gara haragi ona edukitzen.

Bezeroek eskertzen dute?  
Bezeroek badakite zer den produktu ona. Gustatzen zaie, eta badakite dagoen haragia kalitate onekoa dela.

Erraz saltzen da haragia?  
Jateko era aldatzen ari dela ikusten da. Zartaginean tita egitekoak erosten dira. Lehen, egosteko eta gisatzeko haragiak gehiago saltzen ziren. Ez naiz kexatzen. Denetik edukitzen dugu, eta etxean egiten ditugu saltxitxa, hanburgesa, solomo adobatua, txorizoa...

Haragiaz gain, zer erosia bada.   
Bai. Barazkiak edo fruta erosten ditu datorrenak. Edo arraroa bada ere, baita arrain izoztua ere.

Zein ordutegi duzu?   
09:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00ak arte astean zehar. Larunbatetan eta igandeetan, 09:00etatik 13:00etara. Etxean egindako gauza asko ditugu, eta jendea animatuko nuke etortzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!