Miren Larrartek ezin izan du txapela jantzi

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 16a, 19:59

Emakume Master Cup txapelketako finala 22-11 galdu du bidaniarrak Miriam Arrillagaren aurka.

Miren Larrarte bidaniarrak ezin izan du jantzi lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup-eko txapela. Finalean 22-11 galdu zuen Miriam Arrillagaren aurka, baina partida markagailuak erakusten duena baino parekatuagoa izan zela azaldu du Larrartek: «Hasiera batean nahiko parekatu hasi ginen. Baina bera gero eta indartsuago jotzen hasi zen, eta indarrean alde asko zegoen, eta ezin izan nuen gehiago eutsi».

Aurkariak pilotari ematen zion abiadura eta sakea izan zirela partidaren bi gakoak gaineratu du bidaniarrak: «Sake asko ez nituen altxa, eta jokoan indarrez gehiago zen, eta ezin izan nuen partida irabazi». Sei bat tanto egin zizkion sakez Arrillagak, eta Larrartek bakarra lortu zuen: «Ez zen izan nik ondo sakatu nuelako. Pixka bat baztertu nuen, baina berak ez zion eutsi».

Pilotari bidaniarrak bazekien finala zaila izango zela: «Hasieran sentsazio nahiko ona izan nuen eta tarteka erakutsi nuen nire teknika, beraz, orokorrean nahiko sentsazio onak izan nituen». Eskuetatik gaizki bukatu zuen finalerdia, baina finalean uste baino hobeto izan zituen: «Ezkerrean zuloa egin nuen eta txartela jarri nuen. Pilota pixka bat sartzen zitzaidan, baina min handirik ez nuen izan».

Txapelketa osoari begiratuta, «nahiko ondo» ikusi du bere burua Larrartek. Finalerdian Laia Salsamendi ren aurka «nahiko deseroso» sentitu zen, eta eskuekin ez bada oso ondo egon ere, orokorrean «gustura» dago egindako txapelketarekin. Pilota mistoaren modalitatean jokatu da lehen aldiz Emakume Master Cup txapelketa, eta jokamolde horretan parte hartu du Larrartek. Hurrengo urtean ere pilota mistoarekin parte hartzeko asmoa azaldu du: «Seguru pilota mistoarekin berriro antolatuko dutela, eta eskuak ondo baditut, parte hartuko dut».

Barakaldoko frontoian jokatu zituzten Emakume Master Cupeko finalak, eta guztiz bete egin zen pilotalekua. «Giro oso ona egon zen, beteta zegoen, eta eskertzekoa da», esan du pilotari bidaniarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!